Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Sailak ukatu du Oiongo EAJrentzat txosten juridikorik egin duenik. Batzar Nagusietan EH Bilduk idatziz egindako galderei emandako erantzun ofizialean, Anartz Gorrotxategi foru diputatuak ziurtatu du haren sailean ez dela jaso "galderaren xede den gaiari buruzko txosten juridikorik egiteko eskaerarik".
Txostena Oiongo alkateari edo udal bilkurari zergatik ez zaion bidali galdetzean, Gorrotxategik berretsi du "txosten juridikorik ez dagoenez", ezin zaiola "Oiongo alkateari txostenik bidali".
Apirilaren 17an Oionen izandako azken osoko bilkuran abiatu zen polemika, egun horretan oposizioan den EAJko bozeramailea "zerbitzu juridikoei" eskatutako txosten batez baliatu zenean zalantzan jartzeko udalak zergen banaketaren harira Labraza eta Gorrebustoko batzar administratiboekin sinatutako hitzarmena. Hortik abiatuta, ALEAk aurreratu zuenez, EH Bilduk galdera egin zuen Batzar Nagusietan, eta orain etorri da ezezko erantzun ofiziala.
Hilaren 15ean izandako azken plenoan, Jose Antonio Tarragona zinegotzi jeltzaleak berretsi zuen "zalantza bat" izango duen hurrengoan, alderdiari hots egingo diola berriro, eta bertan esango diotela "norekin hitz egin". "Hala egin dut, eta hala egiten jarraituko dut", esan zuen. Bilkura berean, Jose Manuel Villanueva (EH Bildu) alkateak onartu zion talde guztiek beren alderdiari aholkularitza eskatu ahal diotela. "Baina, kasualitatez, Laura Perez Bolinaga andrea Lurralde Orekaren zuzendaria da, eta berari eskatu zenion aholkularitza", erantzun zion alkateak, informazio horren ustezko jatorriari erreferentzia eginez. Villanuevaren esanetan, Perez Bolinagak "modu pribatuan" eman beharko zion informazioa, eta ez "diputazioaren" partetik. Alkatearen ustez, jeltzaleak horrelako bideetara "ohituta daude", boterean "urte asko" daramatelako. "Pentsatzen duzue dena zuena dela", leporatu zion Tarragonari, "baina orain oposizioan zaudete".