Ehunka gazte, guraso eta euskaltzale bilduko dira asteburuan Bastidan, Ttiki-ttaka elkarteak antolatutako EKA Euskal Kultur Asteburuan. Lehen Hezkuntzako lehen mailatik seigarrenerainoko ikasleak eta beren familiak deituta daude hitzordura.
Orotara 670 bat haur biltzekoak dira, eskualdeko ikastetxe gehienetatik bertaratutakoak: Bastidako eskola eta ikastola, Guardiako Victor Tapia ikastetxea, Lapuebla de Labarcako Assa ikastola, Lantziegoko ikastetxea, Vianako Erentzun ikastola, Oiongo San Bizente ikastola eta Oiongo Ramiro de Maeztu ikastetxea.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ostiral goizean ikasleentzat prestatutako jarduerak izango dira herrian. Tartean, jolasak, kalejira, bazkaria eta dja izango dituzte. Larunbata bereziki familien eguna izango da. Goizean hasi eta egun osoan zehar besteak beste umeentzako jolasak, trikitilariak, herri-bazkaria, musika eta dantza izango dituzte.
Banakako hirurogei bazkidek osatzen dute hitzordua antolatu duen Ttiki-ttaka elkartea. Haiekin batera daude Bastida, Lapuebla de Labarca, Oion eta Vianako ikastolak, Lantziegoko ikastetxea eta IKA euskaltegiak. Arabako Errioxaz gain, Viana, Aras edota Mendabia herrietako euskaltzale nafarrak ere elkartzen ditu.
Orain dela hogeita hamabi urte sortu zuten elkartea ikastoletako eta euskaltegiko zenbait irakasle eta ikasle ohik, eskualdean nabaritutako beharrari erantzun bat emateko asmoz: irakaskuntzari esker euskaldunak sortzen ari ziren arren, inguruan euskaraz aritzeko aukerak urriak zirela jabetu ziren. Ordudanik, aukera horiek sortzen laguntzen ari dira. Hainbat jarduera antolatzeaz gain, EKA da urtero egiten duten hitzordu garrantzitsuenetakoa. Aurtengo jaiarekin batera, aurreratu dute guztion artean osatzen duten aldizkariaren 33. zenbakia ateratzear dutela ere.