Eltziegon 86 etxebizitza eraikitzeko argi berdea eman dute

Erredakzioa 2024ko api. 16a, 09:35

Marques de Riscal upategitik gertu egongo dira etxebizitzak, zabaldutako simulazioaren arabera. Argazkia: AFA

Etxebizitza anitzeko sei bloke eraikiko dituzte, eta familiabakarreko beste bederatzi etxe.  

Eltziegon 86 etxebizitzako "bizitegi programa ahalbidetzeko" plan partziala onartu du Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailak, diputazioak ohar batean iragarri duenez.

Herriaren hego-ekialdean eraiki asmo dituzte etxebizitzak, San Roke inguruan, Marques de Riscal upategiaren eta Lapuebla de Labarcara doan errepidetik gertu. Bi motatakoak izango dira: 77 etxebizitza anitzeko blokean izango dira, eta beste bederatzi familiabakarrean. Orotara, eremuak 36.664 metro koadroko azalera hartuko du.

Hiru solairuko sei bloke eremuaren lur kota baxuenean jarriko dituzte. Familia bakarrekoak, eremu altuenean. Horrek "inpaktua minimizatuko" duela argudiatu du aldundiak. 4.479 metro koadroko eremu berde bat paratuko dute ere. Foru erakundearen arabera, onartutako planaren helburua da Arabako Errioxan "etxebizitza eskaria partzialki" asetzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago