EAE, Nafarroa eta Errioxa erkidegoetako larrialdietako taldeek "arrakastaz" burutu dute Guardia inguruan FX Laguardia 2024 izeneko baso sute simulakroa, Jaurlaritzak ohar batean adierazitakoaren arabera.
Aginte bateratu baten bidez egin dute ariketa, arloan eskumena duten erakundeen arteko "koordinazioa eta eraginkortasuna" probatzea xede. Hala izanik ere, Jaurlaritzak dio "administrazio bakoitzaren berezko eskumenak errespetatuz" egin dutela atzoko proba.
EAEren partetik, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzako funtzionarioak egon dira, bai eta Ertzaintza, zein Arabako eta Bizkaiko foru suhiltzaileak ere.
Ariketa Abalos (Errioxa), Samaniego, Guardia, Leza, Elvillar, Kripan, Lantziego, Ekora, Oion, Lapoblación, Marañón eta Aguilar Kodes artean egin dute.