Asteazkenetik aurrera eta hilaren 29ra arte, Errioxa sor markaren baitan kokatutako Arabako mahats ekoizleek uzta berde izenekoa egiteko diru laguntzak eskatzeko aurrez aurretiko zerbitzuak jarriko dituzte Guardiako Ardoaren Etxean.
Uzta berdea izendapenarekin, erakunde publikoek gehiegizko ardo ekoizpena ekidin nahi dute, merkatu prezioei eutsi nahian, eta ardoaren eskaintza eta kontsumoaren artean dagoen aldea murriztuz. Hots, oraindik heldu gabe dauden mahatsak kentzea finantzatzen dute "lursailaren errendimendua zerora murrizteko azken helburuarekin", Jaurlaritzak helarazitako ohar baten arabera.
Hainbat baldintza egongo dira horretarako. Kasurako, mahatsak eskuz bota behar dira, 0,3 hektarea baino gehiagoko lursailean egin beharko da, eta ekoizle bakoitzeko gehienez hamar hektareagatik jaso ahalko du diru laguntza. Jaurlaritzak 1.800.000 euro bideratuko ditu laguntza honetarako, eta ziurtatu du eskari gehiago egonez gero kopurua handituko duela "funts propioekin", 1.500 hektarea finantzatzeraino.
Laguntza horien inguruan egon daitezkeen zalantzak argitzeko bi telefono egongo dira: 607095653 (08:00etatik 15:00etara), eskabide elektronikoa egiten dutenentzako; eta 945181818 (08:30etik 15:00etara), Guardiako Ardoaren Etxeko aurrez aurreko arreta zerbitzuari lotutako eskabideak laguntzeko.