Klima aldaketak ardoaren geografia aldatuko duela ohartarazi dute

Juanma Gallego 2024ko mar. 26a, 17:00

Klima aldaketarekin batera, latitude egokieneak ere aldatuko direla berretsi dute. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Mundu mailako azterketa batek ondorioztatu du ekoizpen lurralde asko ez direla ekonomikoki bideragarriak izango mendearen amaierarako. Arabako Errioxa arrisku maila "arin" edo "ertainean" egon daiteke, beroketa mailaren arabera.

Nature Reviews Earth & Environment aldizkarian gaur argitaratutako ikerketa batek ondorioztatu du klima aldaketak mundu osoko ardo ekoizpenaren geografia aldatuko duela mendearen amaierarako, eta gaur egungo ekoizpen lurralde asko ez direla ekonomikoki bideragarriak izango, ardoa ekoizteko baldintza hoberenak gorago dauden latitudeetan egongo direlako. 

Azterketak dio gaur egun erdi mailako latitudetan kokatuta dauden lurralde ardogileetan bero nahikoa dagoela mahatsa gorritzeko, baina ez dela gaitzak zabalpena errazteko bezainbestekoa. Dagoen hezetasun maila baxuak ere norabide horretan laguntzen du. Alabaina, batez besteko mundu mailako tenperaturek gora egiten duten heinean baldintza horiek aldatuko direla ondorioztatu dute. 

"Espainian, Italian, Grezian eta Kalifornia hegoaldean, kostaldean eta lurralde baxuetan dauden lurralde ardogileen %90 inguru desagertzeko zorian egon daitezke XXI. mendearen amaieran", ondorioztatu dute. 

Mundu mailako bereizmena duen azterketa izanik, ardoa ekoizten duten lurraldeak multzo handietan sailkatu dituzte. Hala, Arabako Errioxa NII  izeneko multzoaren baitan dago (Northern Inner Iberia: Gaztela eta Leon, Errioxa, Nafarroa eta Aragoi). Izaten den batez besteko beroketaren arabera, NII multzoan ardoa ekoizteko egokitasunean egongo den aldaketa "arina" izan daiteke (0-2 ºC arteko beroketa izatekotan) edo "ertaina" (2-4 ºC arteko beroketarekin).

Iberiar penintsularen kasuan, Mediterraneo aldeko eta penintsularen erdialdeko lurraldeak izango dira arrisku gehien izango dutenak. Europari dagokionez, besteak beste, Frantziaren iparraldeak baldintza hobeak izango ditu etorkizunean, bai eta Erresuma Batuaren hegoaldea ere. 

Ikertzaileek onartu dute egungo ekoizlek "neurri batean" egokitu ahal izango dituztela beren mahastiak, besteak beste barietate eta mahasti-txertoen bitartez, baina ohartarazi dute ere leku guztietan egokitzapen hauek agian ez direla nahikoak izango ekoizpena ekonomikoki bideragarri mantentzeko.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago