Labrazako ondarea ezagutzeko "formatu presentzialeko ginkana turistiko digitala" aurkeztu du Arabako Aldundiak.
Erakundeak ohar batean ezagutarazi duenez, gailu mugikorretarako joko interaktiboa dohainik eskuratu daiteke gymkanaturistica.com/Araba webgunearen bitartez. Lotura berean daude Antoñana, Estibaliz, Markiz, Agurain eta Gesaltza Añanari buruzko ginkanak ere.
Cristina Gonzalez Turismo foru diputatuak eta Begoña Martinez de Olcoz Labrazako Administrazio Batzarreko presidenteak aurkeztu dute aplikazio berria Labrazako Kontzejuaren Etxean. Gonzalezen esanetan, "destino eta baliabide ezagunenetatik" harago doazen proposamenak indartu nahi dituzte ginkanen bidez, bai eta familia zein eskola turismoa ere. Erdi Aroko Arabaren aholkularitzarekin egindako proposamena izanik, "berme historikoa" ziurtatuta dagoela esan du.