Casablancan (Guardia) dagoen ur biltegitik Oionera edateko ura eramateko ponpaketa instalazio bat eraikitzeko hitzarmena sinatu dute Arabako Errioxako Ur Partzuergoak eta URA agentziak. Orotara, 2.138.906 euroko kostua izango dute lanek, eta erdi bana ordainduko dute.
5.000 metro kuboko biltegia dute Oionen, eta Toloño mendilerroko zundaketekin osatzen dute hornidura. Oionetik gertu dagoen El Carrascal (Lantziego) industrialdera ura eramateko 1.910 metroko hoditeria eraiki dute orain arte, baina oraindik beste 5.204 metro falta dira ezartzeko.
Jaurlaritzak zabaldutako ohar baten arabera, eskualdea hornitzen duen Toloño mendilerroko akuiferoa berreskuratzen ari da iaz izandako lehortearen ondorioz, baina, halere, ohi baino maila baxuagoan jarraitzen du. Egitasmo berriak "erresilientzia handiagoa emango dio sistemari", eta "segurtasun handiagoz kudeatuko ditu agorraldiak eta etorkizunean gerta daitezkeen eskasia gertaerak".
Murrizketak, aukeran
Aste honetan bertan eskualdeko ur partzuergoak udalei ohartarazi die erakundearen datozen asanbladan murrizketa berriak onartzea aztertuko dutela. Iaz hartutako neurriei jarraiki, udal igerilekuen irekiera datak baimentzeko edo lorategiak zein kaleak ureztatzeko murrizketak izan daitezke horietako batzuk.