Atzo Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpen batean, Labrazan Aixendar sozietateak eraiki nahi duen parke eolikoaren aurka aurkeztutako alegazio guztiak atzera bota ditu Arabako Aldundiaren Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamendu Sailak.
Labrazako Administrazio Batzarrak, Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuaren Kontseilu Arautzaileak, Arabako Mendiak Aske elkarteak eta hainbat norbanakok proiektuaren aurka alegazioak aurkeztu dituzte, baina ez dira aintzat hartu. Hala, aurkeztutako argudio guztiak atzera bota ditu diputazioak, eta agiri bakarrean bildu ditu erantzunak, alegazioetan "kontu berdinak" azaltzen direla argudiatuz.
Alegazio horiek askotarikoak izan dira: besteak beste, aurreko fase batean administrazio batzarrak aurkeztutako alegazioei erantzunik eman ez izana, oraindik ebazteko dagoela ministerioaren aurrean jarritako errekurtso bat, dokumentazio osoa ez dela argitaratu modu telematikoan, edota inguruko paisaia, nekazaritza eta natura ondarean izango lituzken ondorioak ez direla aintzat hartu.
Besteak beste, foru sailak argudiatu du Marañon mendilerroan kokatuta dagoen "baliabide eolikoa" EAEko "onenetako bat" dela, eta mugaren beste aldean, Nafarroan, aspalditik erabiltzen dela —Acciona enpresak Las Llanas de Codés izeneko bi parke eoliko ditu bertan, Aguilar Kodes eta Aras udalerrietan, 52 eta 22 aerosorgailurekin—. Aldundiaren arabera, Labrazako parkearekin "urtean 36.757 tona CO2" isurtzea saihestuko lirateke, eta proiektuak "Euskadiren independentzia energetikoa areagotuko" luke.
Ezezko erantzuna ematen duen ebazpenarekin, administrazio bidea itxita geratzen da honezkero, eta EAEko Auzitegi Nagusian auzi judiziala abiatzea baino ez legoke.
Energiaren Euskal Erakundearen eta Iberdrolaren arteko proiektua da Labrazakoa, Aixendar sozietatearen bitartez gauzatutakoa. Orotara, Marañon mendilerroan, Labraza eta Gorrebuston, 40 megawatteko parke eolikoa paratu nahi dute, zortzi aerosorgailurekin.