Abenduaren 20an, 2024rako aurrekontuak onartu zituen Samaniegoko Udalaren osoko bilkurak: aurreko urtekoa %3 handituta, 383.190 euroko proiektu ekonomikoa garatzeko aukera izango du 311 biztanle inguru dituen Arabako Errioxako udalerriak.
Inbertsio gehienak landa bideak mantentzeko eta egokitzeko egingo dira, guztira 17.000 euro bideratuz. Gainera, Samaniegoko bizilagunek erabaki ahal izango dute zer lan egingo diren obra txikien eta auzo harremanen hurrengo deialdietan, 35.000 eta 30.000 euro arteko diru partidekin, hurrenez hurren.
Nolanahi ere, inbertsiorik handiena herrian igerileku berriak eraikitzea izango da. Udalak ohar batean azaldu duenez, dagoeneko 340.000 euro inguruko proiektu bat dago garatuta, eta orain beste erakunde batzuen finantzaketa bilatzen ari dira.
Horrez gain, Samaniegoko Udalak ia 3.000 euro inbertituko ditu Eskoletako eraikina eraberritzeko eta beste 2.300 euro hiri-altzari berriak instalatzeko. Halaber, kultura jarduerak egiteko zein herriko jaiak antolatzeko diru partidak handitu egingo dituzte. Bestalde, berariazko partida bat sortu dute iaz inauguratutako Gazte Aretoa mantentzeko.
Samaniegoko alkate Pili Garmendiak (EH Bildu) nabarmendu du aurrekontuek "herritarren beharrei erantzungo dietela, baina datorren urtean lanean jarraituko dutela finantzazioa handiagoa lortzeko eta, horrela, herriak behar dituen beste inbertsio batzuei aurre egiteko".