23 urteko Maikel Saenz gazte arabarra onik aurkitu du haren amak berak, desagerketaren berri eman eta ordu gutxira. Lapuebla de Labarcan jaiotakoa, Fuenmayorren (Errioxa) bizi zen duela hainbat urtetik hona, eta bertan desagertu zen astearte arratsaldean, haren amak salatu zuenez.
Larrialdi zerbitzuei desagerpenaren berri emateaz gain, sare sozialetan ere mezua zabaldu zuen amak, gaztearen argazkiarekin eta telefono zenbaki batekin. Amak haren osasun egoeraren inguruko kezka berezia zuen, gazteak bikotekide ohi bati bidalitako mezu batean oinarrituta. Guardia Zibila eta ehun bat boluntario aritu dira bilaketan. Lapuebla de Labarcan ere, udalak bilaketa abiatzeko deia egina zuen biztanleen artean, herriaren inguruetan ote zegoen argitzeko.
Azkenik Albelda de Iregua (Errioxa) herrian aurkitu du amak, bertako biztanle batek herrian gaztea ikusi zuela abisatu ondoren. Onik dagoen arren, osasun etxe batera eraman dute, mediku azterketa egiteko.