EZBEHARRA

Guardiako alkate ohia hil da, ibilgailu batek harrapatuta

Erredakzioa 2023ko mai. 26a, 16:49
Amezaga, 2015ean igogailua inauguratu zuten egunean. IREKIA

Gaur goizean gertatu da ezbeharra, Guardian bertan. Jose Manuel Amezaga gogoan, udalak hiru eguneko dolu ofiziala deitu du.

Jose Manuel Amezaga Guardiako alkate ohia zendu da gaur, trafiko harrapaketa batean. Guardia inguratzen duen errepidean gertatu da ezbeharra, gaur goizean, oraindik argitzeko dauden inguruabarretan. 

Amezagaren legegintzaldiaren ikur garrantzitsuenetakoa izan zen igogailu publikotik gertu gertatu da harrapaketa. Amezagak 2015ean inauguratu zuen igogailu hori, alboan Josu Erkoreka orduko Administrazio Publikoko sailburua zuela.

Gaur bertan udalerriko talde politiko guztien ordezkariak udaletxean bildu dira, eta hiru eguneko dolua deitu dute. Udaletxeko aurrealdean dolu-xingola beltza paratu dute ere. 

2011 eta 2015 urte artean alkate izan zen Amezaga, Alderdi Popularraren partetik. Iñaki Oiarzabal Arabako popularren presidenteak atsekabea adierazi du, alderdikidearen heriotzaren berri izan eta gutxira. Modu berean, Raul Garcia Ezquerro egungo alkateak doluminak eman dizkio familiari, udal talde guztien partez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide