Giza trafikoagatik bi lagun atxilotu ditu Guardia Zibilak Arabako Errioxan

Erredakzioa 2023ko mai. 16a, 12:52
Bi lagun atxilotu eta hamabost askatu dituzte Arabako Errioxan. @DelGobPaisVasco

Hamabost biktima askatu dituzte. Egunean hamabi orduko lanaldiak egitera behartzen zituzten, astean zazpi egunetan, baldintza "negargarrietan".

Guardia Zibilak bi pertsona atxilotu ditu Araban, "lan esplotazioa helburu duen giza trafikoagatik"; eta "esklabotza modernoa" jasan duten hamabost biktima erreskatatu ditu, "giza duintasunarekin bateraezinak diren baldintza negargarrietan" bizi zirelako. Gainera, bi pistola simulatu eta 9.300 euro eskudirutan atzeman dituzte, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak jakinarazi duenez.

Ikerketa otsailaren amaieran hasi zen, ihes egitea lortu zuen biktimetako batek gertaeren berri eman zionean Guardia Zibilari. Joan den astean, Guardia Zibilak berak Portugalgo Polizia Judizialarekin elkarlanean Worker izeneko operazioa abiatu zuen, Guardian eta Navaridasen; eta hainbat jarduera egin ziren gaizkileen sarea desegiteko eta hamabost pertsona askatzeko.

Denis Itxaso gobernuaren ordezkariak azpimarratu duenez, biktimen bizi baldintzak "penagarriak" eta "negargarriak" ziren. "Langileek ostatu hartzen zuten eraikinen egoera osasungaitza ez zen bateragarria giza duintasunerako eska daitekeen gutxienekoarekin", adierazi du. Guardia Zibilak "esklabotza modernoarekin" topo egin duela gaineratu du, langile horien "jabetza" menpean zuten pertsonarena zelako.

Gobernuaren ordezkariak esan duenez, biktimen mendekotasun ekonomikoa erabatekoa zen; izan ere, "sarea zuzentzen zuen pertsonak biktimen eguneroko bizitzako eta laneko edozein jarduera zelatatzen zuen". Biktimak "baldintza penagarrietan" lan egitera behartzen zituzten, "hertsadura, mehatxuak edo botere abusua" erabiliz, adierazi du Itxasok. Hala, atxilotutakoek biktima horien lanaren kontura irabazten zuten, "kontuan hartu gabe zein lan baldintza txarretan zeuden", adierazi du.

Zorrak ezin kitatu

Askatutako lagun guztiak portugaldarrak direla gaineratu du Itxasok. "Jatorrizko herrialdean harrapatzen zituzten eta beren lan jarduera egin behar zuten eremura eramaten zituzten. Bakar bat ere ez zegoen familian errotuta, eta erabateko zaurgarritasun egoeran zeuden". Lanak egin behar zituzten eremu geografikora iritsitakoan, egunean hamabi orduko lanaldiak egitera behartzen zituzten, astean zazpi egunetan. Horietako batzuek, hilabeteetan lan horiek egiten aritu ondoren, zor ekonomikoa sortzen zuten sareko buruarekin, eta horrek esklabotza egoera horretan egotera behartzen zituen.

Atxilotuen etxean sartzeko eta miatzeko aginduari esker, 9.300 euro konfiskatu dituzte,  hondo bikoitz batean ezkutatuta, bi pistola simulatu eta ikertutako gertaerekin lotutako dokumentazio ugari. Gainera, jarduera kriminalarekin lortutako irabazietatik datozen bost ondasun higiezinen enbargoa eskatu da.

Auzia eta atxilotuak Gasteizko Instrukzioko 1 zenbakiko Epaitegiaren esku utzi dituzte, eta epaitegiak behin behineko espetxealdia agindu du gertakarien erantzuleentzat. Bitartean, Gizarte Gaietako Ministerioko Lan Ikuskaritzak zehapen espedienteak ireki dizkie gertakarien ustezko egileen zerbitzuak erabiltzen zituzten enplegatzaile batzuei. Biktimak Espainiako hainbat hiritako harrera-etxeetara eraman dituzte, haiek babesteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide