Bastida, Lapuebla de Labarca, Oion eta Vianako ikastoletako eta Guardia, Lantziego eta Oiongo eskoletako 548 ikasle bilduko dira datorren asteburuan Lapuebla de Labarcan egingo den euskararen aldeko jaian.
Ttiki-ttaka Arabako Errioxako eta Vianako euskaldunon elkarteak ohar batean aurreratu duenez, aurten Euskal Kultur Asteburua hilaren 19an eta 20an egingo dute. "Elkartearen hasieratik bertatik inguruko herrietako ikastetxeetako haurrak euskaraz aritzeko elkartzeko eguna antolatu izan da, bilgune Arabako Errioxako herriak eta Viana txandakatuz", azaldu du elkarteak ohar batean. 2008. urtetik, baina, egun bakarra izatetik bi egun izatera pasa da, Euskal Kultur Asteburua izaneko ekimenaren bitartez.
Ostiralean, 10:15ean, haur guztiak elkartu dira, eta egunerako sortutako Txirrin kanta abestuko dute. Txulalai dantza egingo dute ere. Ondoren etorriko dira kalejira eta hamaiketakoa. Behin horiek amaituta, tailerrak izango dira —maskarak, kometak, kamisetak, pultserak edota malabareak—, eta, modu berean, jolas kooperatiboak egingo dituzte ere. Egun horretako ospakizunei amaiera emango diete bazkari batekin eta Ma Non Troppo izeneko ikuskizunarekin. Larunbat goizean ere tailerrak izango dituzte, eta, horien ostean, trikiti-poteoa eta herri bazkaria egingo dituzte. Eguna borobiltzea Dj Fonta-ren esku egongo da.