Castell edo giza dorrea eraiki dute joan den igandean Bastidan Bartzelonatik etorritako Castellers de Sarrià taldekoek. Bertan cap de colla edo koordinatzaile lanetan dabilen Eduard Llorens-ek nabarmendu duenez, 2019an sortu zen Bastidara etortzeko aukera, baina pandemiak, beste behin ere, planak zapuztu zituen. Bada, azkenean igandean izan dute azkenean herrian giza dorrea eraikitzeko aukera, bertako herritarren eta bisitarien gozamenerako.
Tradizioak antzinateko Mediterraneoan sustraiak bide dituela azaldu du Llorensek. "Marokon, Tunisian... baina, batez ere, Italian". Ondoren tradizioa herrialde katalanetan errotu zen, eta batez ere XIX. mendean duela gutxira arte lortu ez diren markak eskuratu ziren. "Izena valentziarren dantzatik datorrela esan ohi da, baina erreferentzia horia ausarten dantza izan liteke ere. Pixkanaka, dantza izatetik dorre izatera igaro zen".
Gaur egun ehun talde baino gehiago daude, tartean Katalunian, Balearretan eta Ipar Katalunian ere. Bartzelonako Castellers de Sarrià colla edo taldearen kasuan, astean bitan entsegua egiten dute. "Oso jardun polita da zure auzokideak ezagutzeko, eta lotura sozialak eraikitzeko. Gainera, kontsumismoari lotuta ez dagoen aisialdia da hau. Tira, tabernara joan beharrean, eromen hau egiteko biltzen gara", esan du Llorensek.
Aisialdia izateaz gain, talde lana sustatzeko diziplina oso egokia dela nabarmendu du. Izan ere, enpresa handiei ere ikastaroak ematen dizkiete, taldeak indartzeko metodologia gisa. "Gero, lortutako finantziazio horrek aukera ematen digu, adibidez, ikastetxeetan doako ikastaroak edo bestelako jarduerak egiteko".