Jaia eta protesta Labrazako zentral eolikoaren aurka

Erredakzioa 2023ko api. 17a, 10:00
Elkarretaratzea Labraza herrian (Oion). / Argazkia: Arabako Mendiak Aske

Arabako Mendiak Aske plataformak berriztagarrien eredu berri baten aldeko egun osoko egitaraua antolatu zuen larunbatean Labrazan, 200 metroko zortzi aerosorgailuko zentral eolikoa arbuiatuz.

Larunbatean, apirilaren 15ean, Labrazako Mendiak Aske lelopean, jaia eta aldarrikapena batzeko ekitaldia antolatu zuen berriztagarrien eredu berri bat defendatzen duen Mendiak Aske plataformak. Bertako jendearen parte hartzeaz gain, elkartasuna adieraztera hurbildu ziren Arabako, Nafarroako zein Errioxako beste hainbat lekutatik iritsitako lagunak.

Gogoratu dutenez, Arabako Errioxako herrian kokatu nahi duten zentral eolikoa herritik kilometro eta erdi eskasera egongo da, eta 200 metroko zortzi aerosorgailu izango ditu. Proiektua landa ingurunearentzako "suntsitzailea eta distortsionatzailea" dela salatu dute, baita erakundeek energia enpresa handiekiko duten "jarrera" kritikatu ere.

Egitaraua 11:00etan hasi zen herriko aparkalekuan. Bertan, aerosorgailu baten zapataren diametroa (25 metro) irudikatu zuten lurrean, eta, jarraian, giza kate batek proiektatutako erroten altuera (200 metro) irudikatu zuen herriaren paralelo dagoen errepidean. "Erroten luzera herriak berak muturretik muturrera duen luzera baino handiagoa da", ohartarazi du Mendiak Aske plataformak.

Ondoren, 12:30ean, Ingeniaritza Termikoan doktore eta EHUko irakasle eta ikertzaile Alvaro Campos trantsizio energetikoan adituak Berriztagarriak bai, baina ez horrela hitzaldia eman zuen. Iturri berriztagarrietarako trantsizioaren baitan dauden "interes, inplikazio sozioekonomiko, ingurumen eta lurralde gatazken" berri eman zien bertaratutakoei.

Komando Garrapata taldeak bermuta girotu zuen, 13:30ean, eta 15:30ean bazkari herrikoia egin zuten. 17:30etik aurrera, berriz, musika emanaldi bikoitza izan zuten, Palazo en las Kostillas eta Plakaje taldeen eskutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide