Neurriak hartzen hasi dira Arabako Errioxan ur faltagatik

Erredakzioa 2023ko apirilaren 13a

Iturri publikoak itxiko dituzte Arabako Errioxan. PHOT.OK

Kaleak urarekin garbitzea debekatu dute eta iturri publikoak itxi dituzte.

Arabako Errioxako Ur Partzuergoko presidente Juan Jose Garcia Barruecok EITBn azaldu duenez, uda garaian egon litezkeen arazoak saihesteko prebentzio neurriak hartzen hasiko dira jada eskualdean. Hala, sakagailurik ez duten iturri publikoak itxi dituzte eta kaleak urarekin garbitzea debekatu dute. Halaber, lorategi publikoen ureztatzea ordubetera mugatu dute, 23:00etatik 00:00etara.

Eskualdea hornitzen duten Toloño mendilerroko zundaketen ur maila baxua dela eta, partzuergoak hartu dituen lehen neurriak dira hauek. Ekainaren hasieran turismoak gora egiten du Arabako Errioxan, bertan bigarren etxebizitza duten bisitari asko maizago joaten direlako, eta igerilekuak betetzen hasten direnean ur kontsumoa izugarri hazten da. Irailean ere, gauza bera gertatzen da mahats bilketarekin.

Azken egunotan hartutako neurri horiek hamabost udalerritan izango dute eragina, eta partzuergotik ohartarazi dute horiek bete ezean zigorra jasoko dutela udalek. Gainera, partzuergoaren baimenik gabe ezingo dira igerilekuak bete.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago