Ekora herriko nekazari gazte bat hil da traktore batekin lanean ari zela istripua izan ondoren. Antza denez, 21 urteko gaztea udalerriko lursail pribatu batean lanean ari zen, eta gidatzen zuen traktorea iraulita gero hil zen.
Arabako suhiltzaileak, Ertzaintza eta Osakidetzako larrialdiak istripua gertatu den finkara bertaratu ziren, atzo, 14:00ak aldean, baina ezin izan zuten ezer egin gaztearen bizitza salbatzeko, eta 16:00ak aldera haren heriotza egiaztatu zuten. Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, Osalanek, eginbideak zabaldu ditu heriotzaren arrazoiak argitzeko.
Euskal sindikatuen arabera, 2023an hamabost dira jada lan istripuan hildako langileak; horietatik hiru Araban. "Nekazaritza sektore prekarioa da oso: lan erritmo altuak eta jardunaldi amaigabeak, esaterako, prekarietate horren adierazle dira. Horri sektorearen erabateko deserregulazioa eta utzikeria instituzionala gehitu behar zaizkio", salatu du ELA sindikatuak, Eusko Jaurlaritzari eskatuz "lehen sektorea duin bilakatzeko neurri errealak eta berehalakoak har ditzala".