Asteazken honetan, goizean, Aste Santuko oporrei ekin aurretik, prentsaurreko oso berezi bat izan dute Oiongo zineman. Izan ere, aurten 50 urte bete ditu Oiongo Ramiro de Maeztu eskola publikoak, eta maiatzaren 27an "festa erraldoi" bat antolatuko dute herrian. "Asko izan dira eskolak jasan dituen aldaketak, baina aldatu ez dena eskola publiko hau osatzen dutenen konpromisoa eta lana da", aldarrikatu dute ikasleek agerraldian.
Festa eguna aitzakiatzat hartuta markatu dituzte ikasturte honetako nondik norakoak. Adibidez, lehen hiruhilekoan Oiongo lehen artisau azoka ospatu zuten, festarako dirua lortzeko. Oraingoan, berriz, jaialdia promozionatzeari ekin diote. Alde batetik, aldizkari bat egin dute, eskola osoaren parte hartzearekin, ikasleen lanekin eta maiatzeko festaren kartela eta egitarauarekin; herriko saltoki zein tabernetan ikusteko aukera dago.
Bestetik, kamiseta berriak aurkeztu dituzte, eta eskola komunitatea osatzen duten hainbat pertsonak modelo lanak egin dituzte Oiongo zineman. "Oiongo eskola publikoaz harro gaude, eta gure buru zein bihotzetan ez ezik, harrotasun hori soinean ere eraman nahi dugu", azaldu dute.
"Oso giro polita" eta "egun berezia" agindu dute maiatzaren 27ko jaialdirako, eta herriko zein kanpoko guztiak gonbidatu dituzte. Honako hau izango da egitaraua, oraindik guztiz itxita ez dagoen arren:
- 11:00 Irekiera: pregoia, dantza eta bertsoak
- 11:30-13:30 Umeentzako tailerrak: taloak, perkusioa, puzgarriak, henna...
- 14:00 Bazkari herrikoia
- Arratsaldean zehar: DJ Txitxuka, buruhandiak, erraldoiak, trikipoteoa, Kristonak eta Komando Garrapata taldeen kontzertuak, suzko zezena...
Jaialdiaren xehetasun guztiak ematen joango dira Ramiro de Maeztu eskolaren webgunean, Facebookean eta Instagramen.