Guardiako Udalak herriko ikur garrantzitsuenetakoa den abade dorrearen hiru dimentsioko gida eta berreraikipen historikoa egin du. Udalak aurreratu duenez, bi urteko lanaren ondorio da lan hau, eta zabalagoa izango den Erdi Aroko Guardia proiektuaren lehen fasea da. Erdi Aroko Gazteluan eta Nafarroako Erresumako ikertzaile Iñaki Sagredok eta haren taldeak ondu du lana, Larrate enpresaren bitartez.
"Tresna digitalen laguntzarekin, eta hainbat fasetan, hiribilduaren Erdi Aroko hondakinak berreraikiko dira, hala nola Santa Maria eliza erromanikoa; duela 700 urteko kaleak plaza nagusiko azoka egun batean girotuko dira, eta gaztelua berreraikiko da bere garai desberdinetan, barrualdean sartuz, eta, dorretik Sonsierraren zelaiak zainduz, mendilerroko gazteluen aurrean", azaldu du udalak, ohar batean.
Ez da herria ezagutzera emateko izan den azken asteotako ekimen bakarra. Izan ere, udalak aurkeztu berri du hiria bisitatzeko gidaliburu berri bat. Clara Isabel Ajamilek eta Francisco Javier Gutierrezek idatzi dute gida.