Urtez urte Euskaraz bizi nahi dut leloaren abaroan Arabako Errioxan mamitu den hitzordua berreskuratu dute aurten: igande goizean egingo dute, hilaren 23an. Zehazki, 12:30ean emango diote hasiera lasterketari, herriko plazatik hasita. "Beraz, korrika egin nahi duenak lehenago agertu behar du izena ematera, aldez aurretik egin ez badu", ohartarazi dute antolatzaileek.
Ohi bezala, San Bizente Ikastola, Ramiro de Maeztu ikastetxea eta Errioxako IKA aritu dira antolakuntza lanetan. "Lehenbiziko urtean, ehun korrikalari inguru aritu ziren eta asko iruditu zitzaigun, azkenekoan berrehun inguru izan ginen. Hiru urte ospatu gabe izan ondoren, ea zer kopurutara iristen garen!", adierazi dute.
12 urtetik beherako korrikalariek euro bat ordaindu beharko dute, eta, hortik gorakoek, bi euro. Herri lasterketa dela aintzat izanda, ibilbidearen luzera ez da, inolaz ere, eragozpen bat izango: kilometro ingurukoa izango da, berriro ere, plazan bukatzeraino.
Hasi baino ordu laurden bat lehenago beroketa lanak egingo dituzte, eta horretarako, profesional baten laguntza izango dute. Behin bukatutakoan, parte hartzaile guztien artean Euskaraldiko materiala zozketatuko dute, eta, jarraian, Euskaraldiko eta Mintzalaguneko izen ematearekin hasiko gara. "Gainera, egun horretarako, Mintzalagunekoek tonbola bat prestatu dute", erantsi dute antolatzaileek.