Kirola eta enoturismoa lotzen dituen Wine Run lasterketarako 1.600 lagun inguruk eman dute izena, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Bi urtez pandemiagatik geldituta egon eta gero, aurten hitzordua berreskuratuko dute; hortaz, urriaren 30ean aterako dira korrikalariak, Bastidatik.
Berez, bi lasterketa izango dira, 10 eta 20 kilometrokoak. Korrika egin nahi ez dutenek ere aukera izango dute lasaiago ibitzeko, upategi eta mahasti artean.
Ardo eta Pintxo Azokarekin osatuko dute eguna, Bastidako kiroldegiaren ondoan. Bertan Anartic Rock Band taldea izango dute ere, zuzenezko emanaldi batekin.
Izena eman duten gehienak Arabako eta Euskal Herriko parte hartzaileak izanik ere, nazioarteko korrikalariak ere izango dira. Besteak beste, Espainia, Belgika, Suedia edo eta Ameriketako Estatu Batuetako kirolariek eman dute izena. Urriaren 21ean bukatuko da izena emateko aukera, edo dortsalak amaitzean. Ohi bezala, zenbait pakete turistiko kontratatzeko aukera eman dute, inguruetan egun bat baino gehiago eman nahi dutenentzat.