Herrialde osoan bezala, Arabako Errioxan ere hilabete asko daramate beroa jasaten, eta mahastiak ez dira libratu. Horregatik, hain zuzen ere, eremu freskoenek edo ureztatzeko aukera dutenek mahats bilketa aurreratu ahalko dute. Hala, Moredan, Sernan, Oionen, Lapuebla de Labarcan eta Mañuetan, besteak beste, irailaren 14an edo 15ean mahatsa biltzen hasi ahalko direla aurreikusten dute, baina Arabako Errioxako gainerako udalerriek hilaren 25etik aurrera ekingo diote mendemari. Bitartean, mahats zuria ari dira biltzen upategi batzuk, eta zeruari so egiten diote, irailean iragarri duten euriaren zain.
Ardoaren Etxetik azaldu dutenez, une honetan, Arabako Errioxako mahastien egoerari buruzko azken txostenean islatutako egoera mantentzen da. Lehorteak "mahatsaren zikloaren bilakaeran nahasmenduak" eragin dituela egiaztatu dute, bereziki lehorreko mahastietan, ur faltak errendimenduan murrizketa "nabarmena" eragin baitu. Hobeto daude ureztatutako mahastiak, baina azken urteetan mahats bilketa izan denarekin alderatuta, gutxienez hamar eguneko aurrerapena daramate. Mahastien osasunari dagokionez, teknikariek nabarmendu dute oso ona dela, hezetasunik ez izateak onddoen garapena saihestu duelako, eta onddo horiek dira landarean gaixotasun gehien sortzen dituztenak.
XXVI. Mahats Bilketaren Jaia
Mendemarekin batera, saihestezina den hitzordua da Arabako Errioxan mahats bilketaren jaia. Aurten, festak bere XXVI.edizioa beteko du, eta hitzordua Lantziegon izango da, irailaren 18an; urtero bezala, festa bereziak hartuko ditu herritar nahiz bertaratzen diren kanpotarrak. Festa Arabako Errioxako Kuadrillako biztanleen ekimenez jaio zen, bertako produktu kuttunena goraipatzeko helburuarekin. Lehenengo ediziotik, egitura eta garapenean asko aldatu da,"baina urtero herri batean egiteak edizio bakoitza berezia eta bakarra bihurtzen du", azaldu dute antolatzaileek. Hala, herri bakoitzak bere ukitua ematen dio egun osoko egitarauari. Eta modu horretara, lortu da urtetik urtera antolaketan eskualde guztiek parte hartzea.
Pou anaiak pregoilari
Eneko eta Iker Pou dira aurten Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Jaiaren pregoilariak. Eskalatzaileek Itziar de Alava Martinez de Icaya alkatearen gonbidapena jaso zuten, Perun zailtasun handiko bide berri bat egiten ari zirela. Lantziegoko festara deitzeko aukera "Arabako Errioxarekin dugun harreman estuagatik ilusioz beteriko aukera gisa" jaso dute. Arabako Errioxako ardoak beren bidaietan kontuan izaten dituztela azaldu dute, gainera: "Hego Amerikan aurkitu ditugu, baina orokorrean leku guztietatik ikusten ditugu. Gainera, kalitatezko ardoak egiteko leku pribilegiatu honetatik berrogei minutura bizi garela esatea gustatzen zaigu".
Ohiko ekitaldiez gainera, XXIX. Ardo Lehiaketa egingo da. Ospe handiko ardo dastaketa da bere lehen ediziotik, eta errotze handia izan du enogastronomian. Gainera, Nekazaritza Ministerioak homologatu du. Edizioz edizio geroz eta upategi gehiagok parte hartzen du.
Eguneko egitaraua:
10:30
• Arabako Errioxako dantza taldeen emanaldia.
11:00
• Pregoia eta ekitaldi ofiziala. Muztiaketa, eta lehenengo muztioaren dastaketa. Arabako Errioxako ardoen dastatzea (postuetan, Egibide-Mendizorrotza ostalaritza eskolako ikasleak arituko dira zerbitzatzen).
12:30
• Lantziegoko ardoen dastatze gidatuak.
• Aizkolarien txapelketa handia.
14:00
• Herri bazkaria.
16:30
• Pilota partidak.
* Egunean zehar umeentzako jolasak eta ekintzak, musika eta kalejira, artisauak eta labeldun nekazaritza-produktuak.