Arabako Foru Aldundiak Herrerako mendatean, Errioxako Balkoia izeneko tokian, aisialdi parke berri bat sortu nahi du, eta horretarako, obrak lizitatzeko prozesu bat hasi zuen iragan ekainean. Alta, ez da enpresa lizitatzailerik aurkeztu, eta bigarren prozesu bat abiatu behar izan dute, materialen kostuen igoerak kontuan izanda. Guztira, 134.982,24 euroko aurrekontua izango du obrak.
Errioxako Balkoia Arabako Errioxako puntu adierazgarrienetako bat da. Herrera mendatearen gainean dago eta Mendialdea eta Arabako Errioxa lotzen ditu. Begiratokiak ikuspegi panomiko zirraragarria eskaintzen du. Itsas mailatik 1.000 metrora dagoen puntu horretatik, Arabako Errioxa osoa eta Errioxako erkidegoaren zati bat ere ikus daitezke. Egun, mendatearen goialdean, asfaltozko zabalgune handi batean, autoa aparkatzeko toki bat dago.
Begiratokia bera seinaleztatu gabe dagoen plataforma baten erdian dago, eta panel didaktiko bat du, agerian geratzen diren udalerrietako batzuk ikusteko. Begiratokitik gertu, eraikin bat dago, babesleku modukoa, banku luze bat duena, bi aldetatik irekia. Eraikin horren egoera ez da oso ona. Gainera, eraikin hori begiratokiarekin lotzen da, zementuzko hainbat zoruren eta eskaileren bidez. Tarteko aldean, harrizko iturri bat dago, gaur egun urik ez duena, eta mendebaldean, hainbat mahai daude, harrizko bankuak dituztenak, eta horietako batzuk apurtuta daude.
Aisialdi gunea indartzea
Hortaz, parke zaharra berreskuratzeko hainbat jarduera proposatu dira. Batetik, lehendik dagoen eraikina berreskuratuko dute eta pergola bat eraikiko da, horretan ibilbide turistikoak eta mendi ibilbideak dituzten panel grafikoak zintzilikatzeko. Halaber, erlaitz motako balkoi luze bat eraikitzea aurreikusten da, egun dauden hiru begiratokiak lotzeko. Gainera, erdiko begiratokiaren irudia indartuko da, bi metro inguruko irtengune bat erantsiz.
Aisialdi gune erakargarria sortzeko, komunak, harraskak, zaborrak biltzeko ontziak, mahaiak eta bankuak eta barbakoak ere kokatuko dituzte. Eremu horretan beharrezkoa ikusten da ere hobi septikoa eta hondakin uren filtroa eraikitzea. Aurrerago, zonaldea aisialdirako erabiltzen dela frogatzen bada, Diputazioak ez du baztertzen elementu gehiago instalatzea, kirola egiteko jolasak, eta, horretarako, entrenamendu-pista bat sortzea, elementu naturalen eta birziklatutakoen bidez.