Euskal Herriko herri gotorturik txikienen artean dago Labraza, eta 2008an onartu zutenez, munduan ondoen kontserbatzen direnetako bat da. Plazera da bere kaleetan barrena paseatzea, uda partean, itzalpean. "Labraza oso txikia da, hona etortzen bazara ezin duzu ezer galdu", esan du batzar administratiboaren lehendakari Begoña Martinez de Olcoz Esquidek.
Gainera, txangoa uztailean eginez gero, Labrazako foruak ospatzeko, Alepo herriko elkarteak antolatzen duen Erdi Aroko jaian parte har daiteke, eta herritarrekin ondo konponduz gero, gainera, patatak txorizoarekin jaten gonbidatuko zaituzte, herri bazkarian.
Uztailaren 9an, jaia
"1996. urtean ospatu zen lehenbiziko aldiz Erdi Aroko jaia, herriko foruak 1196. urtean eman zirelako eta 800 urte betetzen zirelako. Herria dekoratzen dugu, herritarrak ere Erdi Aroko jantziekin mozorratzen gara, eta inguruko artisauak eta ekoizleak etortzen dira". Aurten, uztailaren 9an ospatuko dute jaia; umeentzako ipuin kontalaria izango dute, eta El Moroko iturrian antzerkia egingo dute. "Herri bazkariarekin Alepo elkartearentzat dirua biltzen da, urtean zehar antolatzen dituzten beste ekitaldi guztiak ordaindu ahal izateko: sanjuanak, Ostegun Gizena, herriko jaiak".
Bost urtean behin egiten dute Erdi Aroko jaia, "gogoz hartzeko", baina foruaren aldeko brindisa urtero egiten dute, bakarrik herrikoen artean. "Pandemiaren ostean ez dakigu nola erantzungo duen jendeak –esan du lehendakariak–, sanferminak daude, jendea hondartzara joan nahi du, ez dakigu zenbat jende bilduko den, baina seguru inguruko herrietako batzuk etorriko direla".
Labrazako foruaren jatorrizko pergaminoa 2018an berreskuratu zuten, enkante batean
Pergamino galdua
Santxo VII.ak Labraza sortu, eta Tuteran forua eman zion, 1196ko irailean. Hala dio historiak. Alta, froga idatzirik ez zuten izan 2018ko abenduaren 19ra arte. Izan ere, foruaren jatorrizko pergaminoa, galdutzat jotzen zen, eta Eusko Jaurlaritzak Madrilgo enkante batean, 7.500 euro ordainduta, berreskuratu zuen. Pergaminoa berreskuratzeko ikerketa horietan guztietan parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzak, aldundiak, Labrazako alkateak, eta, besteak beste, Alicia Marin Perez Oiongo Udaleko artxibozainak, Jose Angel Chasco Moredako etnografoak eta Pedro Uribarrena dokumentalista eta historialari adituak.
Arabako Errioxako eta inguruko forurik zaharrena Guardiakoa da (1164), Antso VI.a Jakitunak emana. Labrazakoa bigarrena da (1196), eta ondoren Vianakoa (1219) dago.
Harresia eta Mairuaren Iturria
Labrazaren kasuan, harresia forua eman eta berehala eraikitzen hasi ziren, eta gaur egun herriko monumenturik garrantzitsuena da. Halere, erortzeko arriskuan ere egon da harresi horren zati bat, duela urtebete inguru. Iazko azaroan, Kultur Ondasun Kalifikatuaren babes arkitektonikoa duen eraikinak aurrekaririk gabeko kalteak jasan zituen, eskualdea astindu zuten euriteek eragin zuten lur-jausi baten ondorioz. Diputazioak berehala esku hartu zuen, harresiaren zati hori finkatzeko eta berreskuratzeko, eta urtearen hasieran amaitu zituzten lan horiek.
Harresiaren barruan, halaber, kale estuetatik paseatzeaz gainera, Erdi Aroko jatorria duten Gobernadorearen Etxea eta Gotzainaren Etxea deituriko eraikinak bisitatzeko aukera dago, baita San Migel eliza ere. Labrazako alkateak azpimarratu duenez, XIV. mendeko Mairuaren Iturriak ere bisita bat merezi du. "Oso txoko polita da, eta ura dago urte osoan zehar". Bere barruan, aurpegi gotiko batekin apainduta dagoen hodi bat dago. Harresiaren hegoaldeko hegalean zulatutako iturri horrek "pasabide sekretu bat zuen, –esan du–, hiribilduaren barrura sartzeko. Setio uneetan ura lortzeko modua izan zen".
Herria zeharkatu ondoren, sarrerako arkupeak eskaintzen dituen ikuspegi panoramikoez gozatzeko momentua da, mahastiak, almendrondoak eta zereal zelaiak ikusteko.
"Nekazari gutxi daude hemen, hiru edo lau, mahastiak, baina batez ere zereala landatzen dute, eta upategi bat dago, Hontza upategia, ardo ekologikoa egiten duena. Jende gehienak Logroñon, Oionen, Vianan edo Guardian lan egiten du. Egun, herrian, 115 lagun erroldatuta gaude, baina urte osoan soilik 75 bizi gara, asteburuetan eta oporraldietan jende gehiago etortzen da", aitortu du Martinez de Olcozek.
Dueñasko pinudia kaltetu dezakeen parke eolikoaren kontra azaldu da kontzejua
Dueñasko pinudia
Felix Garay pasealekutik, Dueñasko pinudia ikus daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko alepo pinuaren (pinus halepensis) populazio natural bakarra, eta Iberiar Penintsulan ipar-mendebaldeen dagoena. Arabako Errioxako eta Bizkaiko gainerako alepo pinu guztiak landatutakoak dira.
Adin guztietako aleak aurki daitezke baso horretan, baina bere habitata ere hondatu egin da, mahastiekin aldatu egin baita eta egurra egiteko ere erabili baitute bizilagunek. Horren ondorioz, eta ale kopuruak behera egiten ari zirela ikusirik, baso erreserba gisa katalogatu zuen Arabako Foru Aldundiak, 2011n, basoaren biziraupena bermatzeko. Gainera, alepo pinua espeziea Arriskuan dauden Espezieen EAEko Zerrendan jasota dago, "kaltebera" gisa.
Berrogeita hamar hektareako eremua hartzen du pinudiak, Paridera del Monte izeneko mendiaren magaletan. Bertara iristeko ibilbidea ez dago seinaleztatua, baina zailtasunik ez du. Labraza herritik bertatik basoa ikusten da, eta bertara igotzen den asfaltatutako bidea ere agerian dugu. Pista asfaltatu horretan agertzen zaigun lehen bidegurutzean ezkerraldera joko dugu, eta hogei bat metrora, bihurgune erdian, oso handiak ez diren harlauzak ditugu. Leku horretan autoa utzi eta lurrezko pista bat hartuko dugu, eskuinerantz eta beherantz, bidegurutze batera heldu arte; eskuinera joango gara Valdevaron errekara heldu arte. Menditik gora abiatuko gara orduan, harrizko bide batetik, Paridera del Monte mendira. Inguruan ditugu alepo pinuak, izpilikuak, erromeroak eta ezkaiak.
Dueñasko pinudiaren inguruan, eta bertako mendiaren gailurretik ipar-ekialdean kokatu nahi dute Eusko Jaurlaritzak eta Aixeindar enpresak parke eoliko bat. Proiektuaren kontra azaldu da Martinez de Olcozek buru duen Labrazako kontzejua, eta biodibertsitatean "sarraskia" eragin dezakeen azpiegitura dela esan du.