Araberri

Euskara, saski barruraino

Jon Rejado 2022ko eka. 6a, 08:00

Araberri Euskaraz ekimenaren barruan antolatutako saioetako bat, joan den igandean. / J. Rejado

Araberri Saskibaloi Klubak euskara sustatzeko plana abiarazi du. Ardatz guztietan eragiteko bideak markatu ditu, epe ertain-luzera begira: klubaren barruko eta kanpoko komunikazioan, taldeen egunerokoan, prestakuntzan, eta familiekin dituen harremanetan.

Araberrik bide berri bati ekin dio, amaitzear dagoen denboraldi honetan. Euskara sustatzeko plana abiarazi du, haren presentzia eta erabilera handitzeko. Erakundearen egiturari eragiten dion erronka da, saskibaloi klubaren ardatz guztietan eragina baitu: barruko zein kanpoko komunikazioan, familiekin harremanean, taldeen egunerokoan eta prestakuntzan. "Saskibaloiaz gain inguru sozialean eragiteko asmoan ematen dugun beste pauso bat da", azaldu du Erlantz Merikaetxebarriak, Araberriko koordinatzaileak.

Urrian hasi zituzten lehen aldaketak. Asmoaren dimentsioa aintzat hartuta, ordea, epe ertain-luzean jarri dituzte begiak. Aldaketa horien lehen kimuak agerikoak dira, baina. Besteak beste, iragan igandean jokalari zein entrenatzaileei zuzendutako ikastaro trinko bat eman zuten, euskaraz: banakako kontzeptuen lanketa, talde jokoa hobetzeko. Ibai Ruiz de Aretxabaletak, Araberriko gizonezkoen lehen taldeko entrenatzaileak, sakondu zuen gai horretan, hogei parte hartzaileen aurrean. "Jokalariei tresnak eman behar dizkiegu osoagoak izan daitezen”", hausnartu zuen. Saskibaloiaren arlo teknikora zuzendutako gogoeta hori Araberri Euskaraz egitasmora heda daitekeela uste du Merikaetxebarriak. "Zenbat eta gehiago jakin, pertsona bezala osoagoa izango zara".   

Lehen neurrien artean saskibaloiko hiztegi bat sortu dute: Saskihitzak

Araberri Saskibaloi Klubaren bidea luzea da. 1994. urtean sortu zen, begiak saskibaloian jarrita. Gaur egun hemezortzi talde ditu, eta 250 haur eta gaztek janzten dute Araberriko elastikoa. Ordea, azken urteetan begirada zabaltzea erabaki dute. "Klubari beste dimentsio bat eman nahi izan diogu, sozialagoa, ez bakarrik saskibaloira mugatuz". Ildo horretan, besteak beste, nesken saskibaloi taldeak sortu zituzten duela urte batzuk; gaur egun nesken sei talde dituzte. Bada, dimentsio sozialean sakontzeko asmoan, euskararen sustapenari heldu diote.   

Plana garatzerako orduan Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan dute, baita Emun-ena ere, euskara eta berrikuntza soziala ardatz dituen aholkularitzarena. Laguntza ekonomikoaz gain, Merikaetxebarriak nabarmendu du "bereziki eskertzekoa" dela klubaren asmoak garatzean jasotako laguntza eta prestutasuna.

Oinarritik hasi

Klubaren egoera aztertzean euskararen erabilera oso baxua zela antzeman zuten. Diagnostiko horretatik abiatuta ekin zioten lanari, aurretik aipatutako ardatzetan. Lehen neurrien artean saskibaloiko kontzeptuen hiztegi bat sortu zuten: Saskhitzak. Emunen laguntzarekin egin zuten, "oso orokorra", entrenatzaileen artean banatzeko, euskaraz zekitenen zein ez zekitenen artean. "Euskaraz dakitenei tresna gehiago emateko asmoarekin egin geunen, eta euskara ez dakitenei hitz gakoak errazteko: egunerokoan hitz batzuk txertatzeko lagungarria zaie".

Hiztegia egitean, baina, lehen oztopoarekin topatu ziren: saskibaloiko hizkuntza teknikoa, nagusiki, ingelesez dago, horietatik batzuk gaztelaniara iragazi dira, baina euskarara gutxi pasa dira. "Kirol arloan emaitzak bilatzen dituzten taldeetan kontzeptu azkarrak bota behar direnean ingelesera jotzen da; horregatik, arreta berezia jarri dugu jokalari eta entrenatzaileen artean gertatzen diren harremanetan".

Euskararen sustapenari heldu diote, dimentsio sozialean sakontzeko asmoz

Talde barruko komunikazioan abantaila izan dutela azaldu du Erlantz Merikaetxebarriak, batez ere gaztetxoenen kasuan. "Txikien taldeak entrenatzen dituzten pertsonek harreman handiagoa dute euskararekin, eta errazagoa egiten zaie". Erraztasun hori baliatzen saiatzen ari dira, entrenatzaileekin hitz egiten, betiere kontuan hartuta aldaketa horiek nekez gertatzen direla egun batetik bestera.

Nagusiagoen taldeetan euskara txertatzea zailagoa dela aitortu du Merikaetxebarriak. Hori bera azaldu du Ibai Ruiz de Aretxabaletak, gizonezkoen Bigarren Maila Nazionalean jokatzen duen Legami Araberri taldeko entrenatzaileak. Talde horretan lehiakortasuna lehenesten da, errendimendua, eta atzerrian jaio eta euskaraz ez dakiten jokalariak ere badaude. Hala ere, euskaraz dakiten jokalariekin banaka hitz egitean euskarara jotzen duela azaldu du Ruiz de Aretxabaletak.

Iragan igandean antolatutako ikastaro trinkoa saskibaloiaren funts teknikoez euskaraz aritzeko aukeraren adibide argia izan zen. Baloia jasotzean, mugimendua gelditzean, eta mugitzean sor daitekeen abantailez aritu ziren saio hartan. Entrenatzailearekin batera lehen taldeko lau jokalari izan ziren (Mikel, Aitor, Asier eta Martin) eta kadete kategoriako mutilen taldeko beste lau (Urko, Jon, Marcos eta Markel). Bada, emandako azalpen guztiez gain, jokalariek ere euskara baliatu zuten ikastaroan sortutako ataka bati konponbideak aztertzean.

Komunikazioan, bultzada

Familiekin duten harremanaren kasuan aldaketa egun batetik bestera gertatu da, baina. Klubak gurasoekin duen harremana, askotan, informazio eta komunikaziorako teknologien bidezkoa da, eta mezuak gaztelaniaz zein euskaraz bidaltzen hasi dira. Familiak kexatu ez diren arren, mezuak luzeegiak direla jakinarazi dute batzuk. Beste batzuk, ordea, informazioa euskaraz helaraztea asko eskertu dutela jakinarazi du Merikaetxebarriak. 

Klubaren barruko komunikazioetan, euskara dakitenen artean euskararen erabilera hauspotzea erraza izan dela hausnartu du Maixa Utrerak, komunikazio arduradunak. Hala ere, beste arloetan gertatu bezala, trabak antzeman dituzte. "Euskaraz hasi, baina gaztelaniaz erantzuten dizutenean ez da arraroa hizkuntza betetik bestera pasatzea; baina dakigunon artean errazagoa da", zehaztu du Utrerak.

Datorren denboraldian urrian hasitako lanarekin jarraituko du klubak. Horren adierazleetako bat Araberri Euskaraz ekimenaren barruan antolatutako ikastaroak dira. Dagoeneko bi egin dituzte: iragan igandekoa, eta otsailaren 27an Aitor Uriondo Axular Lizeoko zuzendari eta Gipuzkoa Basketeko kirol zuzendariak emandakoa. Urtea amaitu arte beste hiru dituzte aurreikusita; horietatik lehena, irailean. "Ikasturtea indarrak hartu eta gogotsu hasteko aukera emango digu", iragarri du Merikaetxebarriak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago