Euskal Eskola Publikoaren Jaia

Haziak goratzeko jaia, Bastidan

Erredakzioa 2022ko eka. 2a, 11:16
Bastidan jaiaren zain daude jada. @gureametsa

'Hazitik gora' da Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren aurtengo leloa. Arabako Errioxako ikastetxe publikoak egiten ari diren lana nabarmendu nahi du Ehige gurasoen elkarteak ospakizun honetan, eta horregatik aukeratu dute Bastida 29. edizioa ospatzeko. Dena prest dute igandean herritarrei ongi etorria egiteko.

Azkenekoz duela bost urte egin zen Araban Euskal Eskola Publikoaren eguna, Gasteizko Zabalgana auzoan, eta koronabirusak eragindako bi urteko atzerapenaren ostean, Arabara itzuli da jaia, Bastidara hain zuzen. Ekainaren 5ean, Hazitik gora lelopean ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia. "Argi geneukan Arabako Errioxak merezi zuela Euskal Eskola Publikoaren festa handi bat, eta hirugarrenean asmatu dugu".

Ohikoa den bezala, festa eta aldarrikapena batuko dituzte. Ikastetxe publikoen eguneroko lana nabarmentzeaz gain, beharrezkoak dituzten baliabideak exijituko dizkiote Administrazioari, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eman ahal izateko. Gainera, Arabako Errioxako ikastetxe publikoetan bizi duten transformazio prozesuak aitortu eta gizarteratu nahi dituzte. "Hiriburutik urrun egon arren, eta Errioxako mugan, gainontzeko ikastetxe publikoak bezala elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskuntza euskalduna eskaintzeko". 

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren egitaraua:

22/06/04

  • 16:00 Bisita gidatuak. Bastidako herria bisitatzeko aukera aparta.
  • 17:30 Bisita gidatuak. Bastida inguruan mendi ibilia. Mahastiak eta dolareak ere bisitatuko dituzte.
  • 17:00 Umeentzako lantegiak izango dira, Bastidako eta Oiongo IGEak antolatuta.
  • 20:00 Garilak 26 taldearekin erromeria.

22/06/05

Irakasleen plaza-Eskola gunea.

  • 11:00. Irekiera ekitaldi ofiziala.
  • 13:00. 'Elikagaien taupadak' antzezlana, Kaikuren eskutik.
  • 16:00. 'Antzarrekin dantzan', musika eta dantza oinarri duen ikuskizuna, Antxo eta Pantxa pailazoen eskutik.
  • 17:00. 'Patata minak', antzezlana, ALEA aldizkariaren, Ane Gebararen eta Aitor Vinagreten produkzioa.

Plaza gunea.

  • 12:00. 'Ez da kasualitatea' bertso-saio musikatua, honako bertsolariekin: Iratxe Ibarra, Izar Mendiguren eta Oihane Perea. Protagonistak: Mikel Goikuria Oiarbide eta Aintzira Gorosabel.
  • 16:00. Kontzertua, Urretxu eta Zumarragako Alarma morea musika taldearekin.
  • 18:00. Kontzertua, Korrontzi taldearekin.
  • Gune honetan informazio puntu bat egongo da, Hazitik Gora! materiala eta bazkarirako ticketak eskuragarri egongo dira, eta puntu morea ere egongo da.

Mugazabal gunea.

  • 12:00. 'Kuikui' ikuskizuna, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eskutik. Euskararen gaiaren inguruko ikuskizuna, Aitorren eta Mariren hizkuntza zaharrari arnas bideak topatze aldera.
  • 13:00. Zeta zapien lantegia.
  • 15:00. 'Gora bihotzak!' kale antzerki musikatua, Eidaberekin.
  • 17:00.'Iratxoen kantu sekretuak eskola publikoan' ikuskizuna, Gookapiren eskutik.
  • Egun osoan, puzgarriak, rokodromoa eta kutxa dorrea.Trukarec, arropa birziklateko lantegia. PAI jolas kooperatiboak. Errealitate areagotudun txokoa.

Toloño gunea.

  • 13:00. 'Ene Kantak', EITBren ikuskizuna.
  • Egun osoan, puzgarriak, elikadura eskola Eroskiren eskutik, eta EITBko Antxus maskotarekin photocolla.

Dolare gunea.

  • 11:00. Mustaren perkusio tailerra, egun osoan zehar, tinbalak jotzen ikasteko. Jai plazan izango da.
  • 11:00. Graffitti lantegia egingo da, herriko frontoian.
  • 13:30. 'Turisteatzen' kale antzerkia, Trapu Zaharra taldearen eskutik. Jai plazan izango da.
    egun osoan
  • Florida kalean herri mugimenduen standak egongo dira: Euskal Eskola Publikoaz Harro, Naizen, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Eskola marka, Hechicera argitaletxea…

Han eta hemen

Ez da egongo Bastidan jai girorik gabe egongo den txokorik, eta giroa berotzeko hainbat ekintza ibiltari izango dira kaleetan zehar: EH 11 kolore, trikitilariak, Aburrecalles txaranga, Zozongo…12:00etan, gainera, Koben paseoan, txalaparta tailerra izango da, eta 12:30etik aurrera, trikitilariek kaleak alaituko dituzte. 13:00etan, ordea, Aburrecalles txarangaz gozatzeko aukera izango da. Jatekoari dagokionez, berriz, bolalekuan izango dira I love Paella eta HAZIkoak, eta frontoian bazkaltzeko lekua ere prestatuko dute. Paella begetala eta valentziarra egongo dira, eusko labeldun barazki parrillada eta bazkariak dituzten eusko labeldun hanburgesak. Janarirako txartelak 2. eta 4. guneetan erosi ahal dira. Hanburgesekin lortzen diren etekinak Mukwano Lagun elkartearentzat izango dira, Ugandako elikadura eta osasun programa batentzat.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide