Barbara Goenaga aktorea, Zuriñe Hidalgo aurkezlea eta musikaria, Helene Alberdi kirolaria edo Katixa Agirre idazlea. Guztiak dira emakumeak, baina beste ezaugarri bat dute komunean: denek ikasi dute eskola publikoan. Igandeko jaian hori ere aldarrikatuko dute, sistema publikotik pasa diren emakume ezagunen adibideak jarrita.Bastidako eta Oiongo guraso elkarteak kontaktuan jarri dira ekimena burutzeko.
"Guk garrantzi handia ematen diogu hezkidetzari, eta, horregatik, nahi izan diogu txoko bat eskaini igandean", azaldu du Bastidako IGEko presidente Naiara Etxezarretak. Aitortu du gehienetan ez zaiela erraza egin jakitea non ikasi duten emakume ezagunek. "Horretan Googlek ezer gutxi laguntzen du". Halere, bururatu zaizkien emakumeen sare sozialetan arakatzen eta galdetzen ibili dira.
Horien erreferentzia emateko, haien argazkiak atera eta material birziklatuarekin egindako markoak lantzen ari dira. Jaiaren aurtengo leloari jarraiki, handitan zer izan nahi duten galdetzen zaienean, zenbait erreferente eskaini nahi dizkiete umeei. Jardun asko eta askotan egon daitezkeela jakinda ere, kopuru mugatu bat behar zuten, eta, horregatik, hamalau emakume aukeratu dituzte. Hasieran aipatutakoez gain, Aitziber Garmendia, Miren Arrieta, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur eta Itziar Ituño aktoreak, Pilar Kaltzada eta Kattalin Miner idazleak, Olatz Salvador eta Afrika Bibang abeslariak eta Maider Arregi bertsolaria aukeratu dituzte.
Bastidan bertan jarriko dute ere burua sartzeko eta argazkia ateratzeko egurrezko egitura horietako bat, margolari, zientzialari eta astronauta banaren irudiarekin. Horrez gain, mural handi bat jarriko dute, ume bakoitzak handitan zer izan nahi duen idazteko aukera izan dezan.