Arabako Mahastiak jatorri-deitura sortzeko prozesua Espainiako Estatuaren mugak gainditu eta Bruselara iritsi da aste honetan. Espainiako Gobernuaren Nekazaritza Ministerioak zegokion izapidea bete du, hamar hilabetez aztertu ostean, eta espedientea bidali dio Europako Batasunari.
Marka berria sortzeko Arabako Errioxako Upeltegien Elkartearen (ABRA) zuzendaritza-batzordeak ondutako espedienteak Eusko Jaurlaritzaren babesa du —eta, ABRAk hala eskatuz gero, babes nazional iragankorraren estatusa eman beharko dio—, baina ez, ordea, Espainiako Gobernuarena.
Nekazaritza Ministerioaren txostenak sor-marka berriaren aurkako hainbat argudio jasotzen ditu: besteak beste, jatorri-deiturak ez direla sortzen baizik eta aitortzen direla, eta kontsumitzaileari ardo bera eskaintzen diola izen desberdinarekin. Gainera, "izen bereko beste sor-marka bat" dagoela dio Ministerioak, Arabako Txakolinari buruz, eta horrek kontsumitzailea "nahas" dezakeela dio. Azkenik, bere ustez, "juridikoki Rioja sor-markaren ospea usurpatzea ekar dezake, dagoeneko merkatuan aitortuta baitago".
Babes nazional iragankorra onartuko balitz, Arabako Mahastiak marka erabili nahi duten upategietako botiletan ager liteke behin-behinean (Europako Batasunaren ebazpena iritsi arte), baina soilik estatu mailan merkaturatzeko, ez harago. Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (BOPV) argitaratuta ere, neurriaren aurkako helegitea jartzeko aukera izango luke Rioja jatorri-deituraren Kontseilu Arautzaileak.