2021. urtean Arabako Errioxan ekoitzitako ardoa "bikaina" da, Arabako Mahastizaintza eta Enologia Zerbitzuak ezagutzera eman duen txostenaren arabera. Guardiako Ardoaren Etxeko teknikariek aurreratu dute ardo berriek "parametro analitiko bikainak" dituztela, eta egindako dastaketek analisi sentsorialak "gogobetegarriak" izan direla.
"Dastatze batzordeak aztertutako ardo gehienek orokorrean oso ezaugarri oparoak erakusten dituzte, sudurrean zein ahoan. Laginek kolore nabarmena dute, eta fruta bere osotasunean agertzen da", nabarmendu dute Ardoaren Etxeko teknikariek. "Gehienak ondo egituratutako ardoak dira, ezaugarri desberdinekiko ondo orekatuta. Tanino oso biribilak dituzte, eta profil usaintsua".
Orotara, 77.900 tona mahats jaso ziren 2021. urtean. Gehiena –70.900 tona– mahats beltza izan zen, 7.000 tona mahats zuri ere jaso ziren arren. 2020ko uztan baino zertxobait gehiago, hain justu. Dena dela, kontuan hartu beharra dago urte horretako uzta ere nahiko urria izan zela.
Iazko mahats bilketa atzerapenarekin egin behar izan zuten, eta irailaren amaierara arte ez zen hasi leku askotan. Azaroan izandako eurite batek bilketa bertan behera utzi behar izatea ekarri zuen, baina nahiko lehor zegoen lurrak ondo eutsi zion ur berri horri, eta azaroan zehar bilketa ondo bidean joan zen.
Iazko eguraldiak bederen lagundu zion mahastien garapen egokiari. Neguan prezipitazioak ohikoak izan ziren, eta soilik bi hotz bolada nabarmen egon ziren. Udaberria nahiko lehorra izan zen arren, mahatsak mamitzen ari zirenean euriteak izan ziren. Uda ere lehorra izan zen, baina irailean eta azaroan euria egin zuen berriro. Apirilean izandako zenbait izotzaldik kalte batzuk eragin zituen, era horrek ekarri zuen errendimendua txikitzea, batez ere mendebaldean. Ekainaren hasieran izandako ekaitzek ere hainbat zoro kaltetu zituen, baina egoera ez zen gehiago okertu.