'Menda Lerenda Errepublika'ko diplomatiko bat zigortu du Guardia Zibilak

Erredakzioa 2022ko mar. 17a, 16:08

Volkswagen Golf autoa gidatzen zuen 'Menda Lerenda'ko diplomatikoak. G.C.

28 urteko Lantziegoko gizon bat Logroñon gelditu du Guardia Zibilak, telefonoz hizketan zihoala sigi-saga gidatzeagatik; positibo eman du drogetan eta gidatzen zuen autoak iraungita zuen IAT-a. 'Menda Lerenda Errepublika Ibiltari'ko diplomatiko bezala identifikatu da.

Gidaria Logroñoko LR-131 errepidean geldiarazi zuen Guardia Zibilak, telefonoz hizketan zihoan bitartean sigi-saga eginez gidatzen zihoalako. Guardia Zibilaren arabera, gizonari identifikatzeko eskatu ziotenean iraindu egin zituen, eta 'Menda Lerendako Errepublika Ibiltariko' diplomatikoa zela esan zien, eta immunitatea zuela errepublika subirano horretako kidea zelako. Gainera, 'Menda Lerenda Errepublika'ko NAN-a eta gidabaimen faltsuak erakutsi zizkien.

Identifikatu ondoren, guardia zibilek drogak antzemateko proba egin zioten gidariari, eta positibo eman zuen THCn. Gainera, marihuana-madalena batzuk jan zituela aitortu zien gizonak. Era berean, ibilgailuak IAT iraungita zuela ikusi zuten agenteek.

Gizonari 2.001 euroko isuna jarriko diote lau delitu ezberdinengatik –identifikatzeari uko egiteagatik, drogatuta gidatzeagatik, telefono mugikorra erabiltzeagatik eta IAT iraungita izateagatik–. Gidabaimenetik bederatzi puntu ere kenduko dizkiote.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago