Oiongo adinekoen egoitzako laguntzaileek gaindituta daudela salatu dute, eta langile gehiago behar direla aldarrikatu dute. Herriko kaleetan jarritako pankarten bidez azaldu dute protesta. Gaur egun, Arabako Foru Aldundiaren Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen mendeko egoitza da Oiongoa, eta 20 laguntzaile-gerokultore inguru ditu.
"Gaurko lan beharretara egokitu gabeko plantilla dugu, eta premiaz langile gehiago behar dira –pertsona finko bat behar da goizez eta beste bat arratsaldez, daukagun errefortzuaz gain–", esan dute Arabar Errioxa blogean.
Haien esanetan, azken urteetan Arabako Foru Aldundiak ez du Arabako Errioxako zentroaren plantilla handitu, eta egokituta egon gabe eta "baliabiderik izan gabe" psikogeriatriako pertsonak hartzen ari dira. Pandemia garaian, egoiliarren bizitza arriskuan egonda, erabiltzaileei ematen zaien arreta ere ez dutela indartu nabarmendu dute.