Dokumentazio lan handiaren emaitza da urtarrilaren amaiera arte Eltziegoko Maisuen Etxean zabalik dagoen Emakumea ardogintzan erakusketa. Arabako Errioxako mahastizaintzako eta ardogintzako kultura tradizionalaren hainbat alderdi jorratzen dituzten hogei panel handitan egindako erakusketa da, emakumeen parte-hartzea nabarmentzen duena, eta ardoaren inguruko lanen 400 urtetik gorako ibilbidea jasotzen dira bertan.
Juan Celaya Letamendi Fundazioak eta Eltziegoko Udalak sustatu dute erakusketa, herriko etnografiari eta historiari buruz Jesus Fernandez Ibañez egiten ari den bilduma-lanean oinarriturik. Talka Galeriako Gorka Basterretxeak komisario lanak egin ditu, eta kartelen diseinua eta marrazkiak Mintxo Cemillanek.
Eltziegon aurkeztu eta bi hilabetez ikusgai egon ondoren, Euskal Herrira zabaldu nahi dute erakusketa, tartean Oñatira joango da eta beste hainbat herritara ere.
Emakume boteredunak
Eltziegoko emakumezkoek ardogintzaren alor guztietan izan duten papera berreskuratu dute erakusketan, batez ere posizio ekonomiko eta sozial hobeagoa izan zutenena, "emakume gehienak gizonen gerizpean" aritu baitziren lanean, "betiko apaltasunean ilunduta".
Alta, jada XVI. mendean, emakume bakan batzuk ondasun higiezinen jabe bezala agertzen dira herriko dokumentuetan: dolare, kobazulo edo upelenak, esaterako. Hala, XVIII. mendearen hasieran, ondare handienetarikoa zuen emakumea Rosalea Navarrete Ladron de Gebara zen. "Alargun izan zen ia hogei urtetan zehar lursailak erosi, iparraldean saldutakoaren zorrak erreklamatu, ondasunak kudeatu eta mahatsa ardotzeaz arduratu zen". Garai horretan, Eltziegoko emakumerik polifazetikoenetariko bat ere jasotzen du erakusketak: Teresa La Portilla Lopez Samaniego. "Familiako negozio desberdinak kudeatzen jardun zuen: ondarea, ardo-salmenta, etxebizitzen alokairua, ostatua…". Manuela Ramirez de La Peciña ere agertzen da, hura ere alarguna, familiaren ondasunaren kudeatzailea fina.
Ermitaren eraikuntza
Ardogintzan ezik, herriko jarduera garrantzitsuetan ere eragin handia izan zuten Eltziegoko emakume boteretsuenek. Hala, 1763an, Ama Birjina plazako ermitaren eraikuntza hasten da, eta kontzeju batean erabakitzen dute gizonezkoek nolako ekarpena egingo duen familia bakoitzak obrari aurre egiteko. "Handik bi egunetara hamabost alargun udaletxera joan ziren, beraiek ere beraien mahastiak hipotekatu nahi zituztela eta mahats zama bakoitzeko erreal erdiaren ekarpena egitea nahi zutela esanez".
Akuilu lana
XIX. mendetik XX. mendera, herriko kontabilitatearen arabera, hogei uzta ugarienetatik zortzik emakumeen titulartasuna zuten. Blandina Balanzategi Bañaresek, adibidez, herriko familia-ondarerik garrantzitsuena zuzendu zuen, bere aita Canuto hil ondoren. "10.000 pitxer ardo aforatu zituen, herriko ardogintzaren %10 inguru".
Halaber, mahastizaintzan eta ardogintzan, XIX. mendean, gertatzen ari ziren aldaketa eta aurrerapen guztien akuilu izan ziren Eltziegoko andreak. Emakumeak ardogintzan erakusketan nabarmentzen dutenez, mende horren bigarren erdialdean, haritzezko upeletan zahartutako eta findutako ardoen eskaera zabaltzen joaten da, eta are gehiago emakumeen artean. Nekazaritza produktuen erakusketak ere jaio ziren garai horretan, eta 1884an, Arabako Erakusketa Probintzialean, Tomasa Guinea Montoyak zilarrezko domina eta diploma lortu zituen Eltziegoko ardo-produktuengatik.
Proiektu handien hasiera ere emakumeen esku izan da Arabako Errioxan. Hala, Marcelina Hurtado de Amezaga Zubia, 1820. hamarkadaren hasieran, Gasteiztik Eltziegora joan zen, bertan landa lurrak erosi zituen, eta ardogintzan aritu zen 1858. urtera arte. Gero, bere nebari utzi zion ondare guztia eta ondoren berak Riscaleko Markesaren ardogintza proiektua martxan jarri zuen.