San Anton bezperako sua piztu zuten atzo Labrazako auzokideek, orain arte izandako gaitz guztiak atzean utzi eta suaren alboan purifikatzeko asmoz.
Hori da ohitura honen abiapuntua, baina, purifikatzeaz gain, santujale porrokatuenek ere onartzen dute hitzordu horretara hurbiltzeko hain espirituala ez den beste zergatia ere badagoela. Are gehiago, oso lurrekoa izan daiteke motibo hori, lagun artean une politak pasatzeaz gain: behin sua amaitzean, patatak, hirugiharrak, txorizoak eta bestelako jaki goxoak erretzen dituzte txingarretan. Eta gero jaten dituzte, noski, ardo batekin lagunduta.
Aspaldiko ohitura dago herrian egun horretan sua pizteko, eta horretaz dakitenek uste dute abiapuntua Erdi Aroko izurrietan egon daitekeela. Gaur egun antigeno testak baliatzen ditugun modu berean, garai horretan kutsatutako jantziak eta objektuak erretzea zen gaitzari aurre egiteko bide bakarrenetakoa.
1970eko hamarkadan ohitura pixkanaka galdu zen, jende asko hirietara bizitzera joan zelako. Baina 1996tik aurrera tradizioa berreskuratu zuten, Antso VII.a erregeak emandako foruaren urteurrena ospatu zuten urtean, hain justu.