2017tik Gurasolaguna programa martxan dago Arabako Errioxan, euskaraz komunikatzeko gaitasuna duten hainbat herritako familiek hizkuntza praktikatzeko programa hain zuzen. Bada, egitasmoa zabaldu nahi dute eskualdeko euskaldunek, eta horretarako urtarrilean zehar Ttiki-Ttaka elkarteak Gurasolaguna zer den azaltzeko hainbat jarduera antolatu ditu, tartean Kike Amonarrizekin hiru hitzaldi. Ekintza horietan parte hartzeko gonbitea luzatu diete errioxarrei, "Gurasolaguna zer den eta egitasmo hori zergatik den hain garrantzitsua jakiteko".
Bastidan dagoeneko aurkeztu dute programa, eta ostegun honetan izango da hitzaldia Lapuebla de Labarcako ikastolan, 18:30ean; eta hilaren 18an Lantziegoko gizarte-etxean izango da Kike Amonarriz, 18:30etatik aurrera. Gainera, urtarrilaren 31ra aukera izango da Arabako Errioxako Gurasolagunean izena emateko, honako helbidean: labur.eus/ArabakoErrioxa
Kontakids saioak 15ean
Bestalde, musika, jolasa eta mugimenduaren bitartez ume eta guraso euskaldunen arteko komunikazioa sakontzeko saioak antolatu dituzte hilaren 15ean, Oionen, Eltziegon eta Guardian. Saio hauetan umeak gorputz mugimenduaren bitartez bere gaitasun motoreak eta bereganako konfidantza indartzen ditu. Gurasoek, berriz, umeekin elkarrekiko dagoen konfidantzan oinarritutako erlazioa garatzeko aukera dute, euren burua berriro ume sentitzeko eta seme-alabak kondizio gabe laguntzeko. Dantza, jolasa eta musika oinarri moduan hartuta ume txikien mundura gerturatzen dira parte-hartzaileak umeentzako hain garrantzitsua den gorputzaren mugimenduan murgiltzeko.