Labrazak Oiongo plazara eraman du zentral eolikoaren aurkako aldarria

Erredakzioa 2021ko abe. 16a, 11:00

Labrazako bizilagunen elkarretaratzea, Oionen. / Argazkia: ARABAKO MENDIAK ASKE

Arabako mendietan aurreikusitako zentral eolikoen artean, horietako bat Oion udalerriko kontzeju batean, Labrazan, eraiki nahi dute. Dozenaka lagun bildu ziren atzo Oiongo plazan, proiektuari "ezetz" esateko eta "toki erakundeen subiranotasuna" aldarrikatzeko.

Asteazken honetan, abenduaren 15ean, osoko bilkura egin zuen Oiongo Udalak. Bilera aprobetxatuz, "lurraldeko ondare natural eta immaterialaren babes eta kontserbazioa" aldarrikatzeko eta Labrazan proiektatutako zentral eolikoarekiko desadostasuna adierazteko mobilizazioa egin zuten Labrazatik, Oiondik, Arabako Errioxatik eta Arabako beste herri batzuetatik hurbildutako dozenaka herritarrek.

Elkarretaratzean manifestu bat irakurri zuten, proiektuarekiko Labrazako herriaren arbuioa adierazteko; izan ere, gaitzespen hori gehiengo handi batek babestu zuen duela hilabete batzuk kontzejuan egindako bozketan. Gainera, Labrazako kontzejuak iragarri du alegazioak aurkeztu dituela Eusko Jaurlaritza Labrazako zentral eolikoari buruz egiten ari den kontsultaren aurrean, proiektuaren tramitazioa geldiarazteko eskatuz.

Ondare historikoa eta ingurune naturala

Halaber, Oiongo zinegotziei zein alkateari "Erdi Aroko herri txiki honen jarrera babesteko eta defendatzeko" eskatu zieten; izan ere, Labrazak Hiri Harresituen Nazioarteko Zirkuluaren Kontseilu Betearazleak emandako munduko hiribildu harresitu onenaren saria jaso zuen 2008an. Antso VII.ak, Azkarrak, forua eman zion 1196. urtean, eta mende hartan eraiki zen bere harresi bereizgarria, Erdi Arokoa. "Orain altzairuak, errotoreek eta zeruertzeko hegalek mehatxatzen dute", ohartarazi du Arabako Mendiak Askek.

Herriaren ondareaz gain, leku berean dagoen korridore ekologikoa ere "mehatxupean" dagoela salatu dute. "Bertan ibiltzen dira eta hegaldatzen, habiak egiten eta elikatzen Bonelli arranoa, bi espezie kaltebera, interes biziko hamar espezie eta bost espezie arraro. Kodes Mendilerroa KBEtik gertu dagoenez —lehen aire sorgailutik kilometro batera dago, eta Arabako Hegoaldeko Mendilerroak KBE/BBEtik bost kilometrora—, proiektu hau bideraezina da, eta arriskuan jartzen ditu bai zonaldearen konektibitatea, baita Batasuneko Lehentasunezko Intereseko Habitat Naturala ere", azaldu dute.

"Labrazako ingurune naturala industrializatzerakoan, kalte atzeraezina eragingo luke. Herriak ezetz esan dio herri mendiak pribatizatzeko proiektu horri, eta erakunde guztiek errespetatu behar dute erabaki hori, toki erakundeen autonomia eta subiranotasuna, egunotan Tapia Legea deritzona onartzeak hain laidoztatuak utzi dituenak, babesteko", gaineratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago