Labrazako harresiaren zati bat amildu egin zen igande gauean, oraindik guztiz argi ez dauden arrazoiak tarteko. Lehen zantzuen arabera, azken euriteak izan dira harresiaren zati horren amiltzea eragin dutenak. Atzo bertan egin zuten hasierako esku hartze bat Guardiako suhiltzaileek, eta gaur goizean kalteen lehen balorazio bat egin dute inplikatutako agintariek. Bertatik bertara izan dira Diputazioko ondare alorreko arduradunak, Oiongo alkatea, Labrazako Batzar Administratiboko presidentea eta udal arkitektoa.
Juan Miguel Martinez Labrazako Batzar Administratiboko presidenteak azaldu duenez, txoko edo askaldegi gisa erabiltzen den gune batean gertatu da ezbeharra. "Kanpoko aldera ateratzeko badago ate bat, sarri erabiltzen dutena. Une horretan irten izan balira, harriak gainera eroriko zitzaizkien".
Martinezen arabera, jabeak emanak zituen zati horren egoeraren inguruko abisuak ondare alorreko arduradunei, "baina, antza, ez zioten behar bezalako garrantzirik eman, edo gerorako utziko zuten agian".
Aurreratu duenez, bihar ekingo diete urgentziazko lanei, eta gaur eguerdian bertaratu da, hain justu, horretaz arduratuko den enpresa, lanen lehen ideia bat izan aldera. "Goiko aldeko harriak kenduko dituzte, eta suposatzekoa da ondoren finkatze lanak egingo dituztela, baina ikusteko dago nola egingo duten".
EH Bilduk gaiaren inguruko galdera bat aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan, Kultura diputatu Ana del Vali bideratuta. Labrazan izandako kalteei buruz galdetu diote diputatuari, eta, kalte horiek jasotzen dituen txostenen bat egotekotan, horren kopia eskatu dute ere.
XII. mendeko ondarea
Arabako Kultura Intereseko Ondasuna da Labrazako harresia, eta XII. mendeko azken hamarkadan eraiki zen. Inguruko beste herri harresituak bezala, Nafarroako Erreinua Gaztelatik babesteko jaio zen gotorlekua. Garai gatazkatsu horretan harresiek zuten zentzua galduta, denborarekin herriko biztanleek bi metro eta erdiko lodiera zuen harresira lotu zituzten euren etxeak. Pixkanaka, horman sakonduta, etxe horiek harresiko harriak jan zituzten. Horrela, horma zaharrak leihoez eta balkoiez zipriztinduta daude orain.