Bastidako hobi komuna "duintzeko" eskatu du Legebiltzarrak

Erredakzioa 2021ko aza. 24a, 18:26

Bastida, artiboko irudi batean. ALEA

Espainiako Gerra Zibilean erabilitako eremu hori biktimei "aitortza" egiteko egokitzea galdegin diote Jaurlaritzari.

Espainiako Gerra Zibilean tropa frankistek eraildako zortzi lagun lurperatzeko Bastidan egin zuten hobi komuna "egokitzeko eta duintzeko" eskatu dio Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari. 

Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak gaur onetsi du horren harira Elkarrekin Podemos-IUk aurkeztutako proposamen bat. Agirian espazio hori biktimei "aitortza" egiteko egokitzea galdegin diote Jaurlaritzari, "memoria historikoaren leku gisa, biktimak oroitzeko eta aitortzeko". Horretarako, beste zenbait erakunderekin koordinatzeko eskatu diote gobernuari, tartean, udalekin eta Errioxako gobernuarekin, erkidego horretakoak baitziren Bastidan lurperatutako bizilagunak.

1936ko azaroaren 3tik 6ra bitartean frankistek Errioxako San Asensio, Anguciana, Rodezno, San Vicente de la Sonsierra eta Haro herrietako zortzi bizilagun exekutatu eta Bastidako hobi komun horretan lurperatu zituzten. 

Vicente Rojas Carboneras, Felices del Campo Abalos, Felix Urrecho Ruiz, Ismenio Moneo Tordomar, Nicolas Martinez de Sojo, Braulio Anton Garcia, Juan Martinez Abalos eta Martin Ramirez Apinalez izan ziren Francoren aldeko armadak exekutatutako lagun horiek. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago