Kripanen aurrera doaz konpostajea bultzatzeko proiektu pilotuarekin

Erredakzioa 2021ko aza. 8a, 12:40

Aldundiak KonpostAraba egitasmoaren bosgarren eta azken saioa egin du Kripanen. Gainera, biohondakinen etxez etxeko bilketaren esperientzia pilotua bisitatu dute Arabako ordezkari politiko eta teknikoek.

KonpostAraba biohondakinen kudeaketa egokia bultzatzeko eta toki erakundeei euskarri teknikoa eskaintzeko helburuarekin Aldundiak sortutako sarea da. Joan den ostegunean, egitasmoaren bosgarren eta azken edizioa ospatu zen Kripanen.

Bilera horren helburua izan zen Aldundiak eta Arabako gainontzeko Kuadrillek biohondakinak etxez etxe biltzeko proiektu berria herrian bertan ikustea, baita errefusaren edukiontziak ixteko ekimena ezagutzeko ere. Diputazioko zein Kuadrilletako teknikariek eta politikariek urteko agur-saioan ezagutu zituzten xehetasun guztiak, Arabako Errioxako Kuadrillako lehendakariaren eta ingurumen teknikariaren eskutik.

Izan ere, 2017. urtetik, hondakinen eskumenak eskuordetzeko prozesu bat garatzen ari dira Arabako Errioxako udalek; horrekin batera, hiri hondakin solidoen kudeaketa arautzen ari dira: 2020an, horietako hamar onartu ziren, eta 2021ean beste hiru. Horrela, udalerri guztietan arautu ahal izan da zer utzi behar den edukiontzi edo hondakin-zerbitzu mota bakoitzean, eta derrigorrezkoa da hondakin organikoak bereiztea. Horretarako berme gisa, gainera, 2021eko urtarrilean edukiontziak ikuskatzeko eta zaintzeko zerbitzu bat kontratatu zen; orduz geroztik, hogei bat infrakzio txosten bidali dira.

Bestalde, materia organikoaren kudeaketari dagokionez, hamahiru konpostaje eremu ditu Arabako Errioxak 104 metro kubikotan banatuta, 2022an 204 metro kubiko izatera igarotzeko helburuarekin—, eta 188 familiak parte hartzen dute, hau da, 1.250 pertsona inguruk.

Kripanen, proiektu pilotua

Aurtengo martxoaren 8an, eskualdeko ekimen nagusia inauguratu zen Kripanen: tratamendu deszentralizatuarekin hondakin organikoak etxez etxe biltzeko proiektu pilotua; horrekin batera, errefusaren edukiontzietan itxiturak instalatu ziren, erabiltzaileen sarrera-kontrol gisa. Aurretik, hainbat hitzaldi informatibo egin ziren, eta 130 birziklatze-kit banatu ziren: identifikazio tag bat duen kuboa, errefusaren edukiontziaren irekiera txartela eta konpostaje guneko giltza.

Gaur egun, zerbitzua 130 etxebizitzari eta erroldatutako 180 pertsona ingururi ematen zaie; udarako, 250 pertsona ingururen hondakinak biltzea espero dute.

Bilketa langileak eskumuturreko irakurgailu bat janzten du, kuboak instalatuta daramatzaten tag edo txipak irakurtzeko. Barruan hondakin desegokiak aurkitzen baditu, erregistratuta geratzen da botoi bat sakatzean. Langileak kuboaren barruan uzten du inpropioa, erabiltzailea kontzientziatzeko inpropio hori ezin dela hor banatu. Bi minututan, bilketaren datua automatikoki bidaltzen du zerbitzari informatikora, eta Kuadrillak informazio hori bistara dezake.

Errefusaren zatikiaren hondakinei dagokienez, hala nola pixoihalak, zapiak, errautsak, zigarrokinak edo edukiontzietan zein zerbitzu selektiboetan bota ezin diren beste hondakin batzuk, erabiltzaileek edukiontzi grisean utz dezakete ostegun eta igandeetan, 07:00etatik 23:00etara. Premia bereziak dituzten pertsonei, hala nola pixoihalak erabiltzean, asteko zazpi egunetan erabiltzeko gaikuntza ematen zaie.

Kripanen lortutako emaitzek aurreikuspenak gainditu dituzte: apirilean, 4,15 kilogramo errefusa bildu dituzte biztanle bakoitzeko; konpostajean %1etik beherako hondakin ez-propioak biltzen ari dira; errefusa, urtarrilean bildutako 12,79 kilogramo biztanleko izatetik, 4,82 kilogramo biztanleko izatera igaro da abuztuan bildutakoa, hau da, %62 gutxiago. Gainera, kalkulatzen da sei hilabetetan hamabi tona hondakin organiko bildu direla Kripanen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago