Forestalia berriztagarrien enpresak Araban kokatu nahi duen goi-tentsioko linearen kontrako alegazioak aurkeztuko ditu Bastidako Udalak aurki. Proiektu hori atzera bota nahi du, udalerrian eta bertako biztanleengan eragin dezakeen paisaia eta ingurumen kalteak kontuan hartuta. "Proiektuak gure herrian izan dezakeen eraginari buruzko txosten bat prestatzen ari gara. Oraingoz, hori da proiektua gelditzeko egin dezakegun gauza bakarra", azaldu du Laura Perez alkateak.
Aragoin eraikitzeko asmoa duen bi eguzki-parke Gasteizko Jundizko azpiestazio elektrikoarekin lotuko lituzke Forestaliaren goi-tentsioko lineak. Baina Arabako hiriburura iritsi aurretik, Arabako Errioxatik eta Errioxako (Espainia) lurralde osotik ere igaroko da sarea, Alfarotik Briñasera.
Bastidako kasuan, energia berriztagarrien enpresak Araba osoan kokatu nahi dituen 45 eta 70 metro arteko altuerako 30 goi-tentsioko dorreetatik, 20 dorre jartzea planteatzen du. Hori dela eta, Arabako Errioxa "alanbre-hesi" zabal horren oinarrizko kokalekua bilakatuko litzateke, nahiz eta oraindik ez diren xehetasun guztiak ezagutzen. Bastidako alkateak azaldu duenez, inguruko bizilagunek eta mahastizainek ere harriduraz hartu dute proiektua.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ere 200 bat kilometroko luzera izango duen goi-tentsioko sarearen kontra hitz egin du berriki: "Eguzki-parkeak sare-lotuneetatik ahalik eta hurbilen kokatzea da logikoena eta ingurumenarekiko begirunetsuena". Bastida igarotzeaz gain, goi-tentsioko linea horrek Zanbrana, Berantevilla, Armiñon, Iruña Oka eta Gasteiz zeharkatuko lituzke.