ALEAk iturri sindikalen bitartez jakin duenez, ostiral goizeko 11:30ak aldera gertatu da ezbeharra, Eltziegoko Bodegas Eguia upategian. Jose Antonio Entrena Garcia Garru, 56 urteko langilea eta udalerriko bizilaguna, bertan ari zen zamalanetan, paletizatzeko robot-makina bat gainera etorri zaionean. Harrapatuta gelditu da eta bertan zeuden hainbat kide askatzen saiatu dira, baina ezin izan dute ezer egin.
Larrialdi zerbitzuak eta helikoptero bat bertaratu dira, eta ospitalera eraman dute, baina iritsi aurretik hil egin da langilea.
Une honetan, Ertzaintza eta Osalan gertatutakoa ikertzen ari dira; lehen informazioen arabera, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, makinak gerritik harrapatu du langilea.
Hildako behargina LAB sindikatuko delegatua zen lantokian, baita prebentzio delegatua ere. Sindikatu abertzaleak "elkartasun eta babes osoa" adierazi die hildakoaren familia eta gertukoei. Halaber, EH Bilduk "besarkadarik estuena" helarazi die bere kide zenaren senide eta lagunei. Bere aldetik, ELA sindikatuak, senitarteko eta lagunei "elkartasun eta babes zintzoena" adierazteaz gain, "egun sektore honetako langileek jasaten duten prekarietate egoera" salatu du.
⚫ Gaur Eltziegoko José Antonio Entrena García "Garru" gure kideak utzi gaitu lan istripu baten ondorioz.
— EH Bildu Araba (@ehbilduaraba) October 8, 2021
Gure besarkadarik estuena senide zein lagunei.
Adioriz ez, Garru! pic.twitter.com/Hp1SaFOra2
2021ean, bost hildako Araban
Azken lan heriotza salatzeko, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek elkarretaratzea deitu dute urriaren 13an, asteazkenean, 12:00etan Eltziegoko plazan, Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez lelopean.
LAB sindikatuaren datuen arabera, 2021ean zehar lan istripuek hildako 49 langile utzi dituzte Euskal Herrian; horietatik bost Araban hil dira.
"Odolusteak ez du etenik, eta agintariek beste alde batera begiratzen jarraitzen dute, isilik. Egiturazko arazo bat da lan heriotzena, ez da zori kontua, prekarietatea da. Hain zuzen ere, lan heriotzek ez dute diskriminatzen, sektore guztietan hedatuta dago odolustea, prekarietatea bezala", salatu du sindikatuak. "Arazo hau agenda politikoan kokatu behar dute behingoz, lehentasunez. Ezin dugu horrela jarraitu".
???????? 'Prekarietatea hiltzailea. Lan istripu gehiagorik ez' lelopean, ostiraleko lan heriotza salatzeko elkarretaratzea egin dute Eltziegoko plazan, ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta ▶️ https://t.co/K6WgDSUyPu pic.twitter.com/uI0vxxiF0Z
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) October 13, 2021