Lantziegok argi utzi nahi du "Arabako Errioxak ez duela amorerik ematen, egokitu egiten dela". Horregatik, Covid-19aren aurkako segurtasun neurri guztiak gordetzeko asmoz, datorren igandean Arabako Errioxako mahats-bilketaren festa hartu behar zuen arren, 2022ko irailera atzeratu dute.
Hala ere, ekitaldiaren antolatzaileek formatu xumeago bat izango duen jaialdia antolatu dute igande honetarako, irailaren 12rako, eskualdeko jai zein gizarte egutegian funtsezkoa den hitzorduari keinu bat egiteko.
Horrela, hiru ekitaldi nagusi izango du igandeko festak:
- Bertako ardoen bi dastaketa, Mikel Garaizabal dibulgatzaile enologikoak gidatuta, Frailearen Baratzean, 12:00etan eta 13:00etan. Dastaketa bakoitzak 30 lagunentzako lekua izango du, eta aldez aurretik izena eman behar da; leku berean, ordubete lehenago. Ardoak herriko sei upategik jarriko dituzte: D Luis R, Blanco Perez de Azpillaga, Mendieta Osaba Wines, El Mozo Wines, Lanzaga eta Ezki Wines.
- Dantza erakustaldia, Lantziego eta Guardiako dantza taldeen eskutik, Kuartel Enparantzan, 13:30ean.
- Howdy Bluegrass talde donostiarraren kontzertua, 19:00etan Eliza Plazan.