Duela egun batzuk, Lapuebla de Labarcako Udalari jakinarazi zioten emakume batek eraso sexista bat jasan zuela udalerrian, jai giroan. Indarkeria matxistarekin zerikusia duen azken kasu horren aurrean, Udalak beste eragile sozial batzuekin batera, ohar batean adierazi du emakume hori ez dagoela bakarrik eta bere babes osoa erakutsi dio, "indarkeria matxista kasu horren aurrean bere gaitzespen irmoa adieraziz".
Gainera, Lapuebla de Labarcako Udalak herritar guztiei dei egin die indarkeriarik gabeko gizarte bat eraiki eta aldarrikatzeko, "baita aisialdi eta dibertsio testuinguruetan ere".
Arabako Errioxako Berdintasun Foroarekin eta talde feministarekin batera, Udalak dei egin die udalerriko eta Kuadrillako herritar guztiei irailaren 5ean, igandean, udaletxearen aurrean, 13:00etan, egingo den elkarretaratzean parte hartzera. Kontzentrazio horretan indarkeria matxistaren forma guztiak salatuko dituzte eta indarkeria mota hori jasan duten eta jasaten ari diren emakumeekin elkartasuna adieraziko dute.