Andaverdeko bihurgunearen kalitate ekologikoa lehengoratu dute

Erredakzioa 2021ko abu. 27a, 12:30

Ebro ibaiaren Andaverdeko bihurgunea, Bastida parean. / GOOGLE EARTH

Arabako Foru Aldundiak burutu ditu Ebro ibaiaren Bastida pareko Andaverdeko bihurgunearen kalitate ekologiko orokorra lehengoratzeko 2015ean abiatutako lanak.

Bisoi europarra kontserbatzea helburu nagusi duen Europako Life Lutreola programaren barruan, Diputazioa 2015. urteaz geroztik ari da lanean Andaverdeko bihurgunea Ebro ibaian, Bastidatik igarotzen den tartean lehengoratzeko. Izan ere, interes ekologiko handiko gunea da, baina oso andeatuta zegoen; besteak beste, aurreko hamarkadetan legez kontrako zabortegi gisa erabili zelako, arautu gabeko abeltzaintza aprobetxamendua egin zelako, agregakinen erauzketa egin zelako eta luzetarako dikeak sortu zirelako.

Urte hauetan Gimileoko edo Andaverdeko bihurgunean Ingurumen Sailak egindako esku hartzeei esker, gunearen birsortze naturala suspertu egin da. Askotariko lore kopurua eta dibertsitate ekologikoa nabarmen areagotu da, eta onuragarri izaten ari da fauna eta florako beste talde batzuentzat ere, hala nola anfibioak, ornogabeak, uretako landaredia, hegazti fauna —uhalde enara, adibidez— eta, oro har, Ebro ibaiaren tarte horretako ibai ekosistema osoarentzat.

Ingurumena hobetzeko proiektuetan oro har gertatzen den bezala, fauna zein flora espezie exotiko inbaditzaileak izan ohi dira txoko ekologiko berriak aprobetxatzen dituzten lehenak. Hala ere, Aldundiak aurreikusi du uretako belardi horien eboluzioak kontrolpean izango dituela landare inbaditzaile espezieak, hala nola Hego Amerikatik datorren Ludwigia peploides espeziea, zeina Iberiar Penintsulako hainbat arro hidrografikotan zehar hedatu baita.

Horrekin batera, denboraldi honetan, Floridako 50 apoarmatu atera dira eremu horretatik. Izan ere, gizakiak ekarritako espezie exotiko hori beste espezie autoktono batzuen harrapakaria da. Haren presentzia gorabehera, egindako jarduketei esker, Andaverdeko bihurguneko apoarmatu korrontezale autoktonoaren populazioa kontserbazio egoera onean dago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago