Formatu txikiko ekitaldien bidez ospatuko dituzte Esker Oneko Jaiak Oionen

Erredakzioa 2021ko abu. 23a, 15:23
Katxiren jaitsiera bertan behera utzi dute Oionen. @riojaalavesa

Abuztuaren 23tik 30era egingo dira festak, baina ez da txupinazorik, Katxiren jaitsierarik, entzierrorik, dantzaldirik, eta gaueko musika-emanaldirik izanen.

Ekitaldi txikiak antolatu ditu Oiongo Udalak Esker Oneko Jaiak ospatzeko, eta modu horretan Arabako udalerri bakanetakoa izango da jaiak bere horretan mantenduko dituena, nahiz eta pandemiaren egoerarekin egokitzapenak egin behar izan dituen. Uztailean onartu zuen udalbatzak jai nagusiak mantentzea eta programazio berezia izatea abuztuaren 23tik 30era bitartean, "pilaketak sortuko ez duten formatu txikiko ekintzen bidez". Hortaz, iaz bezala, bertan behera utzi dituzte txupinazoa, Katxiren jaitsiera, entzierroak, dantzaldiak eta gaueko musika-emanaldiak.

Egunero, goizez eta arratsaldez, haur parkea izango dute herriko txikienek, Foruen pasealekuan. Pista amerikarra, ludoteka, tragabolak, puzgarriak eta kirol jarduerak egiteko aukera izango dute bertan. Halaber, egunero, 13:00etan eta 20:00etan ikuskizunak eta kontzertuak antolatu ditu Udalak, plaza nagusian. Abuztuaren 26an, Kolpez kolpe taldearen txalaparta ikuskizuna izango da eguerdian eta Hogei Berriro taldearen kontzertua arratsaldean; 27an, berriz, Stylo Music eta Tarantella taldeak izango dira saioen protagonistak; 28an, Voces Riberas eta Galaxia Musical taldeen emanaldia izango da; 29an, Viura bikotea eta Marcover egongo dira plazan; eta jai-egutegia ixteko Euro hirukoteak joko du astelehenean, abuztuaren 30ean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide