41 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Ekoran, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Segurtasun Sailak ezagutarazi duenez, biktimaren lagun batek Ertzaintzari deitu zion, egoeraren berri emanez. Poliziek jaso zuten salaketaren arabera, Ekorako emakumeak lagun horri kontatu zion tratu txarrak jasaten ari zela. Lagunak Ertzaintzari deitzea erabaki zuen.
Biktimaren etxera joan zirenean, ertzainek emakumea "oso urduri" aurkitu zuten, eta hainbat hematoma zituela egiaztatu ahal izan zuten. Osasun zentro batera eraman zuten emakumea, eta, ondoren, bikotekidea atxilotu zuten, genero indarkeriako delitua egotzita.
Ez da izan azken orduetan Araban izandako eraso matxista bakarra. Igandean ere Gasteizko udaltzainek 49 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, Iparralde parkean emakume bati eraso egitea leporatuta.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.