Orlando Arreitunandia

Atsedenerako, txoko perfektua

Anakoz Amenabar 2021ko abu. 11a, 14:00

Bastida inguruan egin du bisitaldi proposamena Orlando Arreitunandiak. / EITB

Bastida inguruak ezagutzeko bisitaldia proposatu du Orlando Arreitunandia bertsolari eta enologoak; mahastiek inguratutako zonaldean, nekropoli, parke eta aintzira artean egin du proposamena.

Bastidako plazan dauden eraikin dotoreak ezagutu ostean, kale nagusitik behera hasi da Orlando Arreitunandia (Mutriku, 1974) enologo eta bertsolariaren ibilbide proposamena. Herriko armarri gehien dituen kalean behera Larrazuriako arkutik pasako da bisitaria, eta lau kilometro inguruko ibilbide lasaia egingo du nekropoli, upategi eta atsedenleku ederren artean. 

Arkua zeharkatu, eta anbulategia dagoen parajetik Toloño mendizerra aldera jo beharra dago. Kale estua igarota, Mitarte upategitik ezkerretara Tres en Raya ibilbidea topatuko du bisitariak.  Garai batean Bastidan zeuden artzainak ditu gogoan harri lau batek. "Artzainak haren inguruan bildu, eta harriaren gainean Tres en raya jokoan aritzen ziren. Hori berreskuratu dute, eta txoko txiki bat dago euren omenez", azaldu du Arreitunandiak. Duela hamar urte utzi zuen lana zonaldeko azkeneko artzainak. "Bastida ardogileengatik ezaguna bada ere, artzainak ugari izan ziren; 200 buruko artaldeak ere bazituzten".

Mahastiz betetako ingurua izanik, urtaroaren araberako argazki bat eramango du bisitariak. "Udazkenean koloretsua da, garai honetan berdea eta mahats aleak bistan, eta udazkenetik udaberrira kimatutako landare bat, enborra agerian eta lurra garbi-garbi", azaldu du Arreitunandiak. Lau urtaroetan ibilbide desberdinak ematen ditu inguru honek.

Bide berean, gainera, La Hueta parajean barrena, amuarrainen aintzira aurkituko du, inguruko ortuak ureztatzeko prestatutako lakua, hamaika bainuren lekuko izandakoa. "Garai batean asko joaten ginen bainua hartzera bertara; eta debekatuta ez dagoen arren, gaur egun, igerilekuek hartu dute lekukoa". Briñas (Errioxa) eta Bastida arteko muga horretatik, gainera, bailararen ikuspegi ederraz gozatu daiteke.

Familiarekin batera, ohikoa du Orlando Arreitunandiak Bastida inguruko bisita. / O. Arreitunandia

 

Ibilbidean aurrera, bidegurutzera helduko da bisitaria. Buradon Gatzagara joan daiteke, bost kilometroko paseo ederrean, edota Bastida aldera berriz ere San Gines parkerantza. Taberna bat, mahaiak eta otordua egiteko beharrezkoak ditu, zuhaitzez babestutako gerizpean. "Egunpasa egiteko leku zoragarria da; igerilekuez gain, aisialdirako Bastidak duen lekurik onena", gogoratu du. Besteak beste, 2004an egin zen Araba Euskarazeko erdigunea izan zen parke hau.

San Gines parketik 600 bat metrora Remelluri upategia dago, erreferentzietako bat Bastidan. Orain gutxi arte, arteaz gozatzeko aukera ere bazen bertan, Vicente Ameztoi pintorearen inspirazio iturri izan baitzen ingurua, eta haren lanak izan ziren ikusgai Madrilera eraman aurretik. "Remelluri garai bateko baserri moduko bat izan da", azaldu du Arreitunandiak. Bertan inguruko fraideak bizi ziren, eta mahastiak, ardiak, olibondoak zituzten; inguruak ematen duen guztia gaur egun ere oraindik bertan ekoizten dute. "Zoragarria da ikusteko ToloÒo mendi magalean nola dagoen txertatuta, eta nola bat egiten duen paisaiarekin".

Bi kilometro eskasera dago beste atsedenlekua: nekropolia. Harrian landutako hilobi ugari  ikus daitezke Remelluri nekropolian, Bastidara heldu aurretik.    

Tres en Raya jokoa, Bastidan izan ziren artzainen omenez. / O. Arreitunandia             

Mokadua, Bastidan

Gastronomia eskaintza zabala du Bastidak. Ezagunen artean Jatorrena jatetxea erreferentea dela nabarmendu du Arreitunandiak, eta plater berriak dastatzeko aukera Alai jatetxean. Garcia Ariño pelotari familiako Ariño jatetxean ere egiten du geldialdia tarteka. "Orain dela urte pilo bat heldu zen Bastidara Valentin, eta orain daukan edadearekin euskaraz egiten duen bakarrenetakoa da".

Udaberritik udazkenera bitartean, gainera, Bastidan poteoa bizi-bizi dagoela gogoratu du. "Neguan lau katu izaten gara, eta uda aprobetxatu behar dugu jendearekin hartu-emana izateko". Pandemiaren eraginez, upategiek ateak ireki dizkiete herritarrei, barne kontsumoa sustatzeko asmoz. "Enologoekin edo mahastizainekin arratsalde pasa ederra egiteko aukera dago, lehenago horren eskuragarri ez zena". Udalaren ekimenez, gainera, herriko zenbait txokotan, kalean ardoa dastatzeko aukera izango da asteburuetan, upategietara joan beharrik gabe.

Urtaroaren arabera, paisaia desberdina ageri da Bastidako mahastietan. / O. Arreitunandia.

Hartu-emana sendotzen

Ardogintzarentzat urte gogorra izan dela azpimarratu du Arreitunandiak –Luis Cañas upategian egiten du lan–, eta nabarmenagoa Bastidan, bertakoak ez direlako oso upategi handiak. "Atzerrian asko saltzen ez duten upategiak dira, eta salmenta aldetik nahiko zaila izan da". Aldiz, beste alde batetik, norberaren buruari eragin eta berrasmatzeko aukera izan dela nabarmendu du. "Zentzu horretan, aurrerapauso nahiko handiak eman dituzte upategiek; kalean aurkeztu eta herritarrei aurkezterako orduan aldaketak izan dira. Jendearekin berreskuratu egin da sasoi bateko hartu-emana".

   Ardogintza ofizio eta bertsolaritza zaletasun du Arreitunandiak, Bastidako bertsolari bakarrenetakoak. Errioxa mailan, 2010. urtean jarri zuten abian Oiongo bertso eskola, eta gaur egunean martxan jarraitzen du. "Plazara kantatzera ateratzeari beldurra kendu diogun bost kide gara, eta atzetik ere badira beste batzuk gu bultzatzen gaituztenak". Arabako Bertso Eskolaren ekimenez, halaber, hezkuntza arautuan hainbat lan egin dituzte. "Hor hazi bat jarri da. Oihane Pereak Lantziego eta  inguru honetan egiten duen lana aipatu beharra dago; horren emaitza da Bastidan sortu duten bertso eskola". 10 eta 12 urte bitarteko 15 lagunek osatutako bi talde egin dituzte, eta Eskolarteko finalean ere izan dute lekurik. "Hazi hori hor dago, eta, hemendik aurrera, poliki-poliki jendea animatuko den esperantzarekin".

  Bastidan bertsolaritzaz, gastronomiaz, historiaz, paisaiaz eta patxadaz gozatzeko aukera ona izan daiteke uda, Arreitunandiaren esanetan. Abuztuaren 15era bitartean, beroa da nagusi, eta 20:00etan hasten da freskatzen, eta erdialdetik aurrera 17:00ak aldera sartzen da ipar-haizea. "Giroa aldatu egiten da; matematikoa da. Baina kaleko giroa berdin-berdin mantentzen da. Kaleko bizitza zoragarria da Bastidan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago