Guardiako Gizarte Segurantzako bulegoaren itxiera salatu du PPk

Erredakzioa 2021ko uzt. 9a, 09:15
Guardiako herritarrek izapideak egitera Gasteizera joan beharko dutela salatu dute popularrek. / Alea

Zerbitzuen murrizketagatik landa eremua "zigortzen" ari direla esan du PPk; duela urtebete Amurrioko Gizarte Segurantzaren bulegoa itxi zuten.

Arabako PPk Guardiako Gizarte Segurantzaren bulegoa itxi dutela salatu du, eta, ondorioz, Arabako Errioxako bizilagunek Gasteizko bulegora joan beharko dutela edozein izapide egin ahal izateko.

"Gasteizko Gizarte Segurantzako bulegoa gainezka dago, edozein kudeaketa egiteko hitzordua eskatu behar da, webgunea eta telefonoa kolapsatuta daude eta hitzorduak atzeratu egiten dira", azpimarratu du Ana Salazar Arabako PP idazkari nagusiak. "Kudeaketak egiteko denbora arazoak bazeuden, Arabako Errioxako bulego bakarra itxita, horrek okerrera egingo du, izapide horiek ere zentralizatu beharko direlako".

Salazarrek salatu duenez, Guardiako bulegoaren itxierak honako hauei eragingo die: langileei Gizarte Segurantzan alta eman, dokumentazioa entregatu, Europako osasun-txartela eskatu edo erretiroa izapidetu behar dutenei eragingo die.

Duela urtebete, Aiarako PPk Amurrioko Gizarte Segurantzaren bulegoaren itxiera salatu zuen. Aiaraldeko bizilagun guztiek Laudioko bulegora joan behar dute. "Beste behin ere landa eremua zigortzen da zerbitzuen murrizketagatik. Lotsagarria da. Herriek behar eta eskatzen ditugun oinarrizko zerbitzu guztiak jarri beharrean, ditugunak kentzen dizkigute ".

Lekualdaketa

Gizarte Segurantzatik azaldu dutenez, aldiz, lekualdaketa eskatu du Guardian zegoen langileak, eta behin-behinean izango da itxita zerbitzua beste langile batek bete arte.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide