Bost zentzumenekin gozatzeko moduko jaialdia. Hala aurkeztu dute jaio berri den Esférica jaialdia, Arabako Errioxan abuztuaren 19tik 22ra ospatuko dena. Morcheeba, Depedro, Tulsa edo Amoranteren kontzertuak izango dira taula gainean, besteak beste.
Hainbat espaziotan jarritako agertokietan, hala nola upategietan edo txoko naturaletan, mota guztietako musikaz gozatzeko aukera egongo da, pop-etik hasi eta doinu elektronikoetara. "Musika izango da eskualdearen esentzia guztia jendeari helarazteko haria", azaldu du Carlos Montilla jaialdiaren zuzendariak. "Munduko ardorik baliotsuenetako batzuk ditugu, arte erromaniko eta abangoardista, eta jendeari modurik onenean helarazi nahi dizkiogu ".
Abuztuaren 19an Best Boy taldeak irekiko du jaialdia (Guardia). Abuztuaren 20an, Amorante (Elvillar) eta Tulsa, Os Amigos Dos Musicos, Josh Rouse eta Depedro (Guardia) izango dira agertoki desberdinetan. Larunbatean, abuztuaren 21ean, Mafalda (Samaniego), Alberto & Garcia, Zetak, Melenas, Morcheeba (Guardia) eta St Woods (Lapuebla de Labarca) gerturatuko dira. Abuztuaren 22an, Delafe Bartzelonako taldeak emango dio amaiera jaialdiari (Villabuena).