Gure bazterrak

Txulalairen herrian, inkisidorea

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2021ko mai. 30a, 10:00

Juan Ortiz de Zarate inkisidorea Paganosen jaio zen, eta bertakoa da baita ere Euskal Herriko edozein dantza saiotan ezinbestez dantzatu beharreko pieza: txulalai.

Hilobian iraulkatuko litzateke Juan Ortiz de Zarate inkisidorea, urtero otsailaren 3ko mezaren ostean Paganosko bere bizilagunek nola dantzatzen duten ikusiko balu. Plaza nagusian, gizonak zein emakumeak, zaharrak zein gazteak, korroan eskutik helduta, ipurdikoak ematen ikustea eta txulalairen doinuak bere jaioterrian sortu zirela jakitea Ortiz de Zarate berriz hilobira eramateko nahiko arrazoi litzateke.

Zorionez, 1691n hil zen inkisidorea, Paganosko bere etxean, eta ez ditu jasan behar izan dantzari parrandazaleen algarak. Mihi gaiztoek diotenez, jende gutxi hurbildu zen hiletara, batik bat apaizak.Gorputza Paganosko Jasokundearen elizaren pulpituaren azpian lurperatu zuten, familiak bertan baitzuen toki pribilegiatu bat.

Alta, inkisidorearen historiagatik baino San Blas eguneko dantzagatik ezaguna da Paganos Euskal Herrian. Txulalairen jatorria ezezaguna bada ere, dantzarako egitura zaharrenetakotzat jotzen da biribila mundu osoan, komunitateen erritualetan, ezteietan eta suaren inguruko zeremonietan. Paganosen, dantzatu bitartean kantatu ere egiten da. Letra desberdinak ezagutzen dira, guztiak gaztelaniazkoak. Letra hauek burla eta satira kutsua dute: "Navaridas para brujas, Paganos para ladrones, Laguardia pa buenos mozos y Elvillar pa borrachones. Txulalai, txulalai, txula, txula, txulalai ".

Pio Barojak Navaridas eta Paganos nahastu zituen eleberrian

Txulalairi esker herriaren izena zabaldu bada ere, Guardiaren menpeko izateak ez dio asko lagundu Paganosi, eta gutxi dira  herriak gordetzen dituen bitxiak ezagutzera hurbiltzen diren bisitariak. Urrutira joan gabe, ikusgarria da Ortiz de Zarate inkisidorearen etxetzarra. Gainera, fatxadan, harrian landutako ezkutu bat dauka, eta bere azpian La vida es ansí hitzak irakurri daitezke.

Pio Barojak izenburu bereko eleberria idatzi zuen, baina idazle donostiarrak hanka-sartze handia egin zuen, Navaridas herria eta Paganos nahasi baitzituen. Mesede eskasa egin zion Paganos herriaren ospeari idazle gipuzkoarrak, baina ikusezina izaten lagundu dio ere betidanik Guardiaren menpekoa izan dela dioen uste zabalduak.

Usteak erdi ustel. XI. mendean sortu zen Paganos, 1076 urtearen inguruan hain zuzen, eta XII. mendean hiribildu bihurtu zen, hurrengo mendeetan pribilegio hori galdu zuen arren.

Gainera, Paganosen inguruak aspalditik okupatuak izan dira, eta horren adierazle nagusia da Guardiako bidean dagoen San Martingo trikuharria. Arabako handienetakoa da. Indusketan, bi erabilera maila antzeman ziren. Beheragoko mailan, zaharrenean, ehorzketa gehienak daude, Neolitoko objektu tipikoekin: silexen landutako tresnak, harrizko aizkorak, ahuntz edo ardien tibien gainean egindako espatula-idoloak eta ore beltzezko zeramika zatiak. Goiko mailan, berriz, Kalkolitoko gorpu bat agertu zen, garai horretako berezko gauzekin: mihidun kobrezko sastakaia, kanpai formako zeramika, txorten eta hegal puntak, eta hezurrezko botoiak. Hilobiaren ondoan, mahasti zaintzarako etxola bat dago. 
Txango batean joan daiteke Paganos herritik San Martingo trikuharrira, mahastien artean, edo hamar kilometroko ibilbide biribil lasai eta ederra egin Leza eta Navaridas herriak ere gertutik ezagutzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago